Hasteko, Udalak egungo plaza egokitzea eta hobetzea planteatu du, Tartanga kalean barrena metroaren bokalearen ondoan dagoen plazaren hedadura gisa integra dadin. Hala ere, ibilgailuen zirkulaziorako gune bat mantenduko dute, plaza inguratzen duten eraikinen beheko solairuan dauden lokal eta garajeetara sarrera bermatzeko. Horretarako, trafiko-seinale batzuk jarriko dituzte, egungo zoru eta zoladuretan aldaketa oso bat proiektatuko dute, egungo espaloiak eraitsiko dituzte eta zola berri bat jarriko dute.
Gaineratu dutenez, berdegune ere bat eraikiko dute elizaren atzealdeko eta alboko fatxadaren ondoan, eremu horretan dauden koten arteko aldea arintzeko eta elizaren ondoko plazan nahiz Tartanga kaleagaz bat egiten duten gunean dauden berdeguneei eusteko. Horretaz gain, Tartangaren ondoan dauden berdeguneak handitzeko eta elizaren ondoan dagoen berdegunea aldatzeko asmoa ere iragarri dute; horrela, haren perimetroa planteatutako geometria berrira egokituko baita. Gainera, zuhaitz berriak, farola berriak eta hiri-altzarien hainbat elementu ere berrituko dituzte, hala nola txorkoak, bankuak, paperontziak, jolasetarako polietilenozko kuboak edo iturri bat.
Altzagako Ibarra kalean, Obietatik Ibarrondo kalearekiko bidegurutzeraino, espaloi-eremua ere zabalduko dutela iragarri dute, zuhaitzak landatuko dituzte eta bide-zorua saneatuko dute bide berriagaz bat datorren eremuan. Eremu horretan, egungo espaloiak eraitsiko dituzte, zoladura berriak, argiteria-sare berria eta euri-uren, saneamenduaren eta horniduraren sareak berrituko dituztelarik.
Altzagako Ibarra kalean eta Antón Fernández kalean jarduketa aurreko kasurako planteatutakoaren antzekoa da.