Aurreko urtean lortutako onarpena ikusita, Erandioko Udalak Zientziaren Astea antolatuko du berriz ere Gaztetxokoan, gazteek zientziarekiko duten interesa elikatzeko edo pizteko eta, zeharka, etorkizuneko lan-esparruetara hurbiltzeko. Tailer horiek azaroaren 9, 10 eta 11n egingo dituzte, goizez, Jado Ikastetxea, Astrabudua BHI eta Erandio BHI ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleentzat. Iaz bezala, egunero zentroetako bat joango da jardueretan parte hartzeko.
Gainera, eguazten arratsaldean, Jadoko ikasleek STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) disziplina akademikoko proiektua aurkeztuko dute eta azaroaren 10ean, eguenean, tailer irekiak egingo dira. Tailer hauen bidez, gazteak zientzia eta STEM munduan barneratzea lortu gura da. Hori dela eta, hiru txoko sortu dituzte esperimentuen eta erronken bidez zientziaren arlo desberdinak lantzeko.