Erandioko kirol-instalazioak goi-mailako kirolarien prestakuntzarako teknifikazio-puntuak izango dira 2023an eta 2024an. Bertan prestatuko dira bi urte barru Parisen egingo diren Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko hautagaiak izateko borrokan egongo diren 26 euskal ordezkari, baita bi urte geroago Milanen egingo diren Neguko Jokoetarako ere.
Horretaz gain, hurrengo urtean sentsibilizazio kanpainak, formakuntzak eta lehiaketak, hala nola Altzagako kiroldegiko instalazioetan igeriketa-liga, Euskadiko mahai-teniseko txapelketa edo boccia lehiaketak.
Urtez urte, gero eta kirolari Bizkaitar gehiago ari dira Paralinpiar Jokoetan: Rio de Janeiron lau izan ziren eta Tokion bederatzi. Aurten, Parisen egingo diren Jokoetan 12 ordezkari sartzeko helburua dutela iragarri du Javier Conde Kirol Egokituaren Euskal Federazioko (KEEF) presidenteak. Hain zuzen ere, hori da gaur egun federazioan dagoen bizkaitar kirolarien kopurua.
"Lankidetza horren ondorioz, Erandio Joko Paralinpikoen bidean dauden Euskadiko errendimendu handiko kirolarien prestakuntzaren parte garrantzitsua izango da", azpimarratu du Condek. Gaineratu duenez, hitzarmena aitzindaria, ez baita beste inon egin, eta horrelako ekimenek lehen mailako kirolariei beren teknifikazioan lan egitea ahalbidetzen die eta "kirol egokituari ikusgarritasuna ematen dio".
Erandioko alkatea oso pozik agertu da, "hitzarmenak Erandion lehiaketa garrantzitsuak hartzea ahalbidetuko duelako". Halaber, gaineratu duenez, "kirol jarduera hasi gura duten udalerriko dibertsitate funtzionala duten pertsona guztiei informazioa, orientazioa eta laguntza emateko gune bat landuko da".