Erandioko Jado ikastetxeko ikasleek Beldur Barik programaren azken edizioa irabazi dute

Ander Zarraga 2022ko abe. 5a, 09:45

Emakumeen "hipersexualizazioa" eta edertasun-kanonen etengabeko inposizioa salatzen duen ikus-entzunezko lanari esker irabazi dute Emakundek antolatzen duen Beldur Barik programa. Lanaren egileak Jado ikastetxeko  4. DBHko ikasleak izan dira, eta lehen saria lortu dute 15-17 urteko kategorian.

Ariane Legarreta Arriola, Izaro Seco Perez, Arai Riveiro Santamaria, Eider Tejo Mezo, Irene Hurtado Rodriguezrey eta Alex Armando Rodas dira Gure gorputzak gureak ote dira? ikus-entzunezko lanaren egileak, eta Beldur Barik programan saritutakoak. Erandioztarrek barikuan, abenduak 2, jaso zuten saria Sestaon egin zen galan.

Beldur Barik programa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadagaz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITB-ren laguntza ere dauka.

Ikastetxeko ordezkariek adierazi dutenez, saria esker ona da Jadorentzat, azaroaren 25ean aldarrikatu zen Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira egindako lana aitortzen duelako. Urtez urte, Erandioko ikastetxe honek aste osoan zehar egiten diren hainbat jardueragaz aldarrikatzen du egun hori: unitate didaktikoak, muralak eta ikus-entzunezko materiala dira aurten ikastetxeak sortu dituen baliabideetako batzuk. Helburua da emakumeen eskubideak zein feminismoa balio unibertsal gisa aldarrikatzea eta, bereziki, genero-indarkeria gizarte honetan oraindik borrokatu behar den gaitza salatzea.

Hipersexualizazioa

Ikasturte honetan, DBH 4. mailako ikasleek salatu dute emakumearen mendekotasuna, hipersexualizazioa eta haren esplotazioa edertasunaren eta arrakastaren erakusleiho gisa. Horretarako egin duten bideoa Marilyn Monroe aktore ezagunaren papera egiten duen ikasle baten lehen planoagaz hasten da. Bitartean, offeko ahots desberdinek honako hau salatzen dute: “Historia hasi zenetik, emakumeek edertasun-kanon zorrotzak jasan dituzte, eta horrek emakumeen gorputza hipersexualizatzea ekarri du”.

Aurrerapen sozialak gorabehera, emakumeak hipersexualizatuak izaten jarraitzen dute interes komertzialengatik, azaltzen jarraitzen du bideoak. “Den dena jarria da horren zerbitzura. Takoiak, soinekoen neurri itogarriak, bularretako puztuak, ezpain gorriak, keinu sentsualak… Filmetan ez ezik, edozein bideo-jokori erreparatzen badiogu, ikus dezakegu nola emakumeen gorputza erabiltzen den jokalariak, erosleak eta abar erakartzeko”, eransten dute offeko ahotsek bideoan.

Saritutako lanean, gazteek hezkuntza aldarrikatu gura izan dute, beste emakume-eredu bat erakutsiz, egoera hori aldatzen lagun dezakeelako: “Zergatik ez dira emakume zientzialari edo idazle gehiago agertzen testuliburuetan gizonakaz batera eta ez baztertutako sail batean? Horrela, hipersexualizazioan oinarritzen ez diren beste emakume-eredu batzuk sor ditzakegu”.

Bideoa alegatu bategaz amaitzen da, barikuan, saria jaso ondoren, Jadoko ikasle batek errepikatu zuena bere ikaskideakaz batera: “Leku txikietan dauden pertsona txiki askok, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete”.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1999an ezarritako Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, mundu osoan egiten diren emakumeen eskubideei buruzko sentsibilizazio-ekimenagaz bat egiten du Jadok Beldur barik programan, beste jarduera batzuetan legez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun