Lutxana auzoaren berroneratze-prozesua Compañia de Pinturas Internacionales lantegi zaharraren eraisteagaz hasiko dela iragarri du Erandioko Udalak. Udalerriko industria-iraganeko enpresarik bereizgarrienetakoa 1996. urtera arte jardun zuen, hain zuzen ere, urte horretan egin baitzuen porrot. Duela urte askotatik fabrika abandonatuta dago eta udal-iturriek adierazi dutenez, "eraisteko eskatzen duten aldarrikapenak etengabeak dira, auzoaren irudi oso txarra ematen duelako eta inguruaren garapen urbanistiko osoa baldintzatzen duelako".
Eraistea gauzatuz gero, Udalak iragarri du lantegiaren guneak hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoak garatzeko aukera eman dezakeela, hala nola elikadura-salmentarako eraikin bat. Industrialde hori birmoldatzeko, kanpoko lorategi-eremua zabalak erabiltzeko asmoa aurreikusi dute, eta, lehen esan bezala, itsasadarrarekiko paraleloa izango den bizikletentzako pasealekua osatu eta aisialdirako eremuak eta plaza berdeak jarri gura dituzte.
Sortuko liratekeen 160 aparkalekuez gain, 2.300 metro koadro inguru gune publikoak sortzeko izango lirateke, plaza moduan eta partzelaren aurrealdean lorategi gisa. Halaber, berdegune berrien 1.700 metro karratu baino gehiago ere proiektatu dituzte, espaloiak ere handituko lituzkete eta, horrek ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa hobetuko lukeela adierazi dute.
Hala ere, ezer egin baino aurretik, gisa horretako berroneratze-lan batek industria-eremu zabal hori deskontaminatzea ere suposatuko luke, eta jarduketa hori milioi eta erdi euro baino gehiagotan baloratu dute. Lehen aurreikuspenen arabera, lanak 2023ko bigarren edo hirugarren hiruhilekoan hasiko lirateke.