Sondikako San Roke elizan atzo, hilak 29, egin zuten ekitaldian egon ziren ordezkari politikoek gaineratu zuten, gaur egun aipatutako udalerrien egoera ikusita, ondorioztatu daitekeela orain dela 40 urte hartu zen erabakia bidezkoa izateaz gain, zuzena ere izan zela.
Erandioztar askok gogoratuko dutenez, udalerria Bilboko auzo baztertu bat zen, industriaren kutsadura, kale askok ez zuten zoladurarik eta ez zegoen herritarrentzako zerbitzu nahikorik. "Erabaki antidemokratikoa izan zen, eta horren eraginez, gure herria gune industrial kutsatu eta inbertsio gutxikoa izan zen", oroitu zen Aitziber Oliban Erandioko alkatea. Era berean, udalburuak desanexioa gauzatu zuten pertsonen lana ere goraipatu gura izan zuen eta ordutik erandioztarren beharrizanei eraginkortasunez erantzun ahal izan dietela azpimarratu zuen.
Gogoratu beharra dago Erandio Primo de Rivera diktadorearen garaian sartu zela Bilbon eta Frankismoaren bukaerara arte mantendu zela hiriburuaren auzo bat bezala. 80. hamarkadaren hasieran, independentzia lortzeko prozesua abiatu zuten eta Erandiok eta Txorierriko beste lau udalerriek orduan berreskuratu zuten euren autonomia.