Aitana Lopez Hernandez Berdintasun zinegotziaren hitzetan, "proiektuak emakume erandioztarrei zuzendutako hainbat ekintza bilduko ditu, eta horietan ikasi, aliantzak sortu eta lagundu ahal izango da, hau da, ahaldundu, gizarte aurreratu bidezko eta berdintasunezkoago batean aurrera egiteko".
Aurrekoetan bezala, Jabekuntza Eskola biztanle gehien dituzten auzoetan emango da: Astrabuduan, Altzagan eta Erandiogoikoan. Jarduerak otsailetik maiatzera bitartean egingo dituzte, batez ere arratsaldez, baina goizeko ordutegian ere egingo dituzte saioak, ikastaroaren ezaugarrien arabera.
Programa erabat doakoa da, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da; zeregin horretarako Erandion erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dutela zehaztu dute udal-iturriek. Izena emateko epea zabalik egongo da jarduera hasi aurreko astera arte, betiere plaza libreak geratzen badira. Edizio honetan antolatzen diren tailer eta ikastaroen artean, aipatzekoak dira Solasaldi Lilak, feminismoa funtsezko argumentutzat hartuta, irudi eta memoria laborategia, batukada laborategia edo autodefentsa feminista emakume adingabeentzat.
Izena emateko, interesdunek 944 890 240 telefonora dei dezakete edo berdintasuna@erandio.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali dezakete, haurtzaindegi zerbitzua beharko duten adieraziz.