Gazte erandioztarren artean lana sustatzeko egitasmo berria aurkeztu dute

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 11:05

Enplegu Berdea egitasmoaren helburua da gazteek ekonomia berdea deritzon merkatuan lan-aukerak biderka ditzaten

Erandioko Udaleko Enplegu Arloak, Behargintza tokiko garapen zentroaren bitartez, Enplegu Berdea izeneko egitasmoa jarri du martxan. Proiektu berri hori Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak finantzatu du, eta Inguralde, Egaz Txorierri eta Erandioko Behargintza garapen-agentzigaz lankidetzan sortu dute, Garapenegaz batera.

Proiektuaren helburu nagusia gazte kalteberenen helburu profesionalak definitzen laguntzea da, gizarteratzearen eta laneratzearen arloan. Horretarako, ekonomia zirkularraren hainbat arlotan, eremu berdean, dituzten gaitasunak, trebetasunak eta interesak ezagutzeko eta praktikan jartzeko aukera eskainiko diete, lau gairi buruzko gaikako gaikuntzaren bidez: merkataritza berdea, nekazaritza ekologikoa, hondakinen kudeaketa eta energia berriztagarriak.

Proiektu honetan parte hartu ahal izango dute lehen mailako ikasketak eta gehienez erdi-mailako prestakuntza-zikloa dituzten 30 urtetik beherako pertsonek, langabetuek edo ostalaritzan, mezularitzan edo muntaketan aste-akabuko edo noizbehinkako kontratuak kateatuta lan-merkatuan modu egonkorrean sartu ez direnek.

Izena emateko epea daborduko irekita dago eta hilaren 27ra arte luzatuko dute. Ikastaroak teoriko-praktikoak izango dira eta urtarrilaren 31tik martxoaren 16ra egingo dira Innobak Ugartebeitia eraikinean, 09:00etatik 14:00etara. Garraioa doakoa izango da bertaratzen direnentzat eta amaieran 200 euroko beka jasoko dute. Gainera, inguruko enpresa eta erakundeetara bisitak egingo dituzte, gazteek bertatik bertara ezagutu ditzaten alor horretan eskaintzen zaizkien lan-aukeretako batzuk.

Enplegu berdea

Proiektu honen izaera berritzailea enplegu berdeari lotutako etorkizuneko aukerak ezagutzean, probatzean edo horietara hurbiltzean datza, beharrezkoak diren baldintzak, lanpostuen funtzioak, garatu beharreko zereginak eta abar barrutik ezagutuz. "Kontua da errealitatetik baloratu ahal izatea etorkizunean ikusten diren enplegua den, eta, horrela, denboran luzatutako prestakuntzetan abandonuak eta frustrazioak saihestea", Jorge González enplegu-zinegotziak adierazi duen bezala.

Enplegu berdeak profil profesional ugari biltzen ditu, zehazki 927 baino gehiago, honako alor hauei lotutakoak: iraunkortasuna, energia berriztagarriak eta teknologia garbiak, baliabide naturalak eta lehen sektorea, industria, mugikortasuna, bizikleten konpontzailea, hondakinen biltzailea, birziklatze-langilea, etab. Profil horiek aldatu egiten dira ikasketa-mailaren, zereginen, gaitasunen, trebetasunen, titulazioaren eta abarren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun