Otsailak 10 eta 11

Hainbat diziplina bateratuko dituen Gure! jaialdia egingo dute lehenengoz Erandion

Ander Zarraga 2023ko urt. 23a, 09:20

Musika, antzerkia, erakusketak, azoka, kirol-lehiaketak, umeentzako jolasak eta beste hainbat jarduera prestatzen ari dira CIFP Tartanga LHIIko zentroko Ikus-entzunezko eta Ikuskizunen Produkzioko ikasleek Gure! jaialdiaren lehen ediziorako. Otsailaren 10 eta 11n egingo dute Altzagan, Erandioko Udalagaz elkarlanean.

Jaialdiaren ekoizpenaz arduratu dira CIFP Tartanga LHIIko ikasleak, benetako praktika batean oinarritutako prestakuntza lortzeko helburuagaz. Horretarako, 2022ko irailean Erandioko Udalagaz harremanetan jarri ziren, horrek ere jaialdiaren ekoizle exekutibo parte har zezan. Horrez gain, antolatzaileek gaineratu dute herriko beste hainbat elkartek ere parte hartuko dutela ekitaldian.

Hamaika jarduera

Programazioan oraindik argitzeko sorpresak dauden arren, daborduko karteleko musikari esanguratsuenak konfirmatu dituzte: Sua, Kokein, Mad  Muasel, Afrika Bibang, Amooma, Pagasarri Ska All  Stars, Lova Lois, Pantx Records eta Flow Lehendakaria, besteak beste. Horiez gain, ume zein helduei zuzendutako antzerkiak ere egongo direla iragarri dute, hala nola Ttipia konpainiaren Hackerrak eta Plast&Co, Arimaktore konpainiaren Siempre Juntos eta Ánima Eskolak antzeztutako Las Locuras de la TIA eta Las Flores que No Durmieron

Baina hori ez da dena, Gure! jaialdiaren lehen edizioan ere egongo dira Txoborro Magoak zuzendutako Gezur Gehiegi magia-ikuskizuna eta Ane Lindane eta Raquel Torres komikoen Despotorre helduentzako bakarrizketa. Aste-akabuan zehar, Maialen Arri eta Gorka Alvarez moda diseinatzaileek euren obrak erakutsiko dituzte, eta auto klasikoen erakusketa ere egongo da. 

Dantza-tailerrak ere eskainiko dituzte, Wild Dance eta Arima Urban Dance taldeen eskutik, eta Orekatu zentroak Slackline tailerra emango du. Jaialdia Altzagako kaleetatik ere hedatuko da DJ Reimy & Marabiyak Sound-ek egingo duten kalejirakaz, herriko eragileen buruhandiakaz, abesbatzagaz eta herri-kirol eta euskal dantzakaz.

Txikienek ere euren lekua izango dute, eta, horretarako, puzgarriak eta jolas eta entretenimendu ezberdinak instalatuko dituzte. Programatu dituzten lehiaketen artean, saskibaloiko 3x3 bat, xakeko txapelketa bat, mahai-teniseko beste bat edo Magic karta-jokoaren lehiaketa egingo dituzte. Antolatzaileek azpimarratu dute, halaber, Pablo Astrain artistak kaleko mural bat egingo duela herrian. Azkenik, itsasadarraren ertzean azoka bat ere jarriko dute, herriko merkatarien produktuakaz, foodtruck eskaintza zabalagaz eta beste hainbat jardueragaz.

Jaialdirako honako gune hauek aurreikusi dituzte: CIFP Tartanga LHII institutuaren ikus-entzunezko instalazioak, Merkatu Zaharra, Ánima antzerki eskola, kaleko lehiaketetarako Streetgunea, txikienentzako ekitaldietarako jolasgunea eta itsasadarraren ondoko Itsasgunea. Horrez gain, 30 metroko karpa bat jarriko dute Irailak 23a plazan, eta bertan egingo dituzte kontzertuak, besteak beste. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun