Apustu horren zenbateko zehatza 432.246 eurokoa da, eta proiektu bi garatzea ahalbidetuko du: adinekoei laguntzea eta ingurunea garbitzea, eta Jorge Gonzalez enplegu arloko zinegotziaren hitzetan, enplegu horien bidez, udalerriaren ongizatea hobetzen jarraitu gura dute.
Horretarako, erandioztarren enplegua eta benetako gizarteratzea sustatzeko ekintzak dibertsifikatzea planteatu dute, baita kontratatu daitezkeen langabeen profilak adinari, sexuari eta kualifikazioari dagokienez desberdinak izatea ere. Duela aste batzuk hasi zen Lanbideren Enplegu Planagaz batera, udalerriko 40 pertsona baino gehiagok izango dute lan-kontratua sei hilabetez.
Gaineratu dutenez, aurkeztutako kolektibo kalteberentzako enplegu-plan berria daborduko lantzen ari diren planei gehitu behar zaie: Hazilan, 3R, enplegu berde berritzailea Garapenen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, eta Lanbideren enplegu-plana.
45 urtetik gorakoak
Enplegu-plan horretan sartu gura dutenek nahitaez eman beharko dute izena, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Erandion erroldatuta egotea, Lanbiden langabe gisa egotea eta 45 urte beteta izatea. Hautatutako pertsonen % 40, gutxienez, emakumeak izan beharko dira.
Halaber, izena emateko epea urtarrilaren 25etik urtarrilaren 31ra bitartekoa izango da, Lanbideren webgunean. Euskal Enplegu Zerbitzuak curriculumak egiaztatu ondoren, 72 pertsona deituko ditu elkarrizketara, eta horietatik 24 hautatuko dituzte. Gainerako pertsonak erreserban egongo dira proiektuak indarrean dauden bitartean.