Arestian aipatutako zifra 2022ko abenduaren 31koa da, eta oso urrun dago 2013ko % 19ko langabezia-tasatik, edo 2020an, pandemia betean erregistratu zen % 14,4tik.
Sexuaren arabera, gaitz horrek gehiago zigortzen ditu emakume erandioztarrak, 669 baitira langabezian daudenak; gainera, gehienek 45 urte baino gehiago dituzte. Gizonei dagokienez, 542 dira langabetuak, gehienak 25 eta 45 urte bitartekoak, eta horiek dira lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenak.
Sektoreei dagokienez, zerbitzuena da langabezia gehien pairatzen duena, industrian, eraikuntzan edo nekazaritzan dagoena gaindituz. Era berean, biztanleriaren % 8k ez du inoiz lanik egin.
10etik lau
Azken urteetan lortutako laneratze-tasari dagokienez, Lanbideren datuak kontuan hartuta, Erandioko eremuan lan-merkatu arruntean eskatzaileen % 46,41 sartu ziren 2019tik 2021era, eta % 36,46 2022tik aurtengo urtarrilera bitartean. Datu horien arabera, udal-enplegu zerbitzuetan arreta jasotzen duten 10 pertsonatik lauk kontratazioren bat lortzen dute. Erandioko enplegu-zentroaren datuei dagokienez, 93 pertsona igaro dira bertatik azkenaldian, eta guztira 942 zerbitzu eman dituzte.
Bestalde, legegintzaldi honetan abian jarri dituzten programei dagokienez, 3R programak 185 pertsonari eman die arreta gaur arte, % 35eko gizarteratze-tasagaz. Aldi berean, tokiko enplegu-planek 167 pertsonari sei hilabetez lana emateko balio izan dute. Hazilanen edizioei dagokienez, 122 pertsonak hartu dute parte horietan, eta batez besteko gizarteratze-tasa % 67koa izan da.
Azkenik, duela gutxi, Udalak enplegu berdeko ekintza bat jarri zuen abian, eta gutxienez bost erandioztar igaroko dira bertatik, datorren hilean hasiko den metalezko egiturak zurrustatzeko proiektu berezian parte hartuko duten 14 parte-hartzaileakaz batera. Proiektu hori enplegu-arloak berak finantzatu du.
Hala ere, Jorge González Udaleko Enplegu arduradunaren hitzetan, "oraindik bide garrantzitsua dugu egiteko, eta joera hori sendotuko duten ekintzak lantzen eta bultzatzen jarraituko dugu aurten. Urteetako langabezia-daturik onena izateak ezin gaitu asebetetzat eman, oraindik ere desberdintasunak baitaude enplegu-aukerei dagokienez, sexuaren eta adin-taldeen arabera".