Erandioko Udalak langabeak kontratatuko ditu pertsona nagusiei laguntza emateko

Ander Zarraga 2023ko ots. 8a, 11:29

Otsailean hasiko dira langabetuak kontratatzen Erandio Gure Nagusiekin programa aurrera eramateko. © ERANDIOKO UDALA

Erandio Gure Nagusiekin egitasmoaren bitartez bakardadean bizi diren adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza emateko programa abiatuko dute. Horretarako, Europar Batasuneko Next Generation funtsak baliatuko dituzte sei hilabetez langabezian dauden 12 pertsona kontratatzeko.

Erandion bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako 1.478 pertsona daude, biztanleriaren % 6 baino gehiago, hain zuzen ere. Pertsona horien nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eta egoera horrek sortzen dituen ondorio negatiboak txikitzeko, Udalak enplegu-plan bat sortzeko aukera ikusi du. 

Aditu askok baieztatu dutenez, bakarrik bizi diren pertsona nagusiek alkohol-kontsumo handiagoa, antsietate- eta depresio-koadro sarriak, loaren alterazioak eta hilkortasun goiztiarraren arrisku bikoitza izan dezakete. Hori ekiditeko, Udalak langabezian dauden 12 pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez. Egitasmo honen helburua da parte-hartzaileei laguntzea beren autonomia eta garapen pertsonalerako itxaropenak hobetzen, laneratzearen bidez.

Era berean, horretarako, hainbat jarduera proposatuko dizkiete pertsona horiei: hitz egitea, paseatzea, irakurtzea, kartetan jolastea edo erosketak egitea, kudeaketa medikoak, banketxeak edo ekitaldi sozial edo kulturaletara joatea. Horren guztiaren helburua da bizi-baldintzak hobetuko dituen zahartze aktiboa sustatzea, laguntza-sareak sortzea eta adinekoen gizarte-ingurunea indartzea, gizarte-isolamenduari aurre eginez.

Parte-hartzaileak

Proiektu honetan parte hartzeko aukera eskainiko diete bakarrik bizi diren edo egunaren zati handi bat konpainiarik gabe igarotzen duten udalerriko adineko edo mendeko pertsona guztiei, baita San Jose Egoitzan bizi direnei eta bakardadean dauden Eguneko Zentroko erabiltzaileei ere.

Era berean, Erandio Gure Nagusiekin programan parte hartuko duten pertsonak kontratatzeko hautaketa-prozesua otsailaren erdialdean egingo dute.

Zerbitzua eskuratzeko hiru baliabide jarri dituzte: 944 890 233 telefonora deituz, bsocial@erandio.eus posta elektronikora idatziz edo aurrez aurre Irailaren 23a plazako Astrabuduko Meso Kaleko 20an dauden udal-bulegoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun