Erandion euskararen kale-erabilera areagotu egin da azken hamar urteotan

Ander Zarraga 2023ko ots. 13a, 08:00

Soziolinguistika Klusterreko ikerketa taldeak 2021ean Erandion egin zuen euskararen kale-erabileraren ikerketaren emaitzak argitaratu zituen iaz. Horiek erakutsi zuten Erandion hizkuntzaren erabilerak goranzko joera apala izan zuela 2011tik, eta jakintza askoz gehiago igo den arren, erabilera oraindik baxua izaten jarraitzen duela, Bizkaiko eta EAEko bataz besteko datuakaz alderatuta.  

Oro har, gaztelera askogatik jarraitzen du izaten hizkuntzarik erabiliena Erandion; 2021ean egindako kale-erabileraren neurketako datu absolutuen arabera, aztertutako solasaldien % 95,9 hizkuntza horretan izan ziren, eta bakarrik % 3,4a euskaraz. Gainontzeko % 0,8 beste hizkuntzetan izan zen. Hala ere, aurreko ikerketan, 2011n egin zena, euskararen erabilera % 1,3an geratu zen, beraz ia bi puntuko igoera eman da azken hamarkadan, hain zuzen ere, denbora tarte horretan gaztelerak behera egin duena.

Joera horregaz lotura zuzena dauka 1986tik hiztun udalerrian euskal hiztunak areagotzeko egindako lanak. Orduan, herriko biztanleriaren % 12,5k bakarrik zekien euskaraz Erandion, baina gaur egun erandioztarren heren batek baino gehiagok euskara ulertzen du edo berba egiteko gai da. Hala ere, Klusterrak erakutsitako datuen arabera, eta dakitenen kopurua hazi den arren, euskara euren lehen hizkuntzatzat duten erandioztarren kopuruak behera egin du 1991tik. 

Halaber, esan beharra dago Erandion euskararen erabilera EAEko ( %15,7) edo Bizkaiko (% 9,4) batez bestekoaren behetik dagoela, baita Bilbo Handiaren (% 3,6) erabilera-datu baino apalagoak dituela. 

 

Erandiogoikoa auzorik euskaldunena

Auzoz auzoko datuei dagokienez, neurketa Altzagan, Astrabuduan eta Erandiogoikoan egin dute, horien arteko emaitza oso ezberdinak lortuz. Euskararen erabilera nabarmenena Erandiogoikoan antzeman zuten, % 8,2agaz. Astrabuaua eta Altzagari dagokienez, hizkuntzaren kale-erabilera % 2,3 eta % 1,2koa izan zen, hurrenez hurren. Azpimarragarria da 2016ko kale-neurketan Erandiogoikoako datuak altuagoak izan zirela, % 10,2, hain zuzen ere. 

Sexuari dagokionez, emakumeak ziren euskaraz gehien egin zutenak, % 4, zehazki; gizonezkoek aldiz, % 2,6. Adin tartean aztertuz gero, umeak (% 7,4), 25 eta 44 urte bitarteko heldu gazteak (% 3,9) eta 15 eta 24 urteko gazteak (% 2,8) izan ziren euskara gehien erabiltzen dutenen ordena. Heldu nagusien eta adinekoen artean portzentajeak nekez gainditu zuen % 1a. Ildo horretan, aurreko kale-neurketakaz alderatuta, euskararen kale erabilerak gora egin zuen 2021ean, batez ere, umeen eta gazteen artean. Horregaz lotuta, helduen arteko solasaldietan umeen presentzia zegoenean egin zen gehien euskaraz, % 8,6, hain zuzen.

Metodologia

Datuok lortzeko, Soziolinguistika Klusterreko ikerlariek herriko gune esanguratsuenetan eta kalean ohiko bizimodua egiten den orduetan ematen diren elkarrizketei erreparatu zieten, solaskideen adina, sexua eta umeen presentziari kontutan hartuz. Horretarako, Erandioren kasuan, Altzaga, Astrabudua eta Erandiogoikoko  hainbat gunetako herritarren arteko elkarrizektak aztertu zituzten, 12 orduko neurketak eginez bakoitzean. Guztira 1.772 elkarrizketa eta 5.107 solaskide lagindu zituzten Erandioko kaleetan.

Klusterreko adituek ñabartu zuten datuok interpretatzeko unean hainbat faktore eduki behar direla kontutan, hala nola ez dela zuzenean konparagarria euskaldunen proportzioagaz edo testuinguruaren arabera erabilitako hizkuntza ere aldatu daitekeela.

Udalaren proiektu pilotua

Gauzak horrela, eta euskara-planen arloan, Erandioko Udalak iragarri du proiektu pilotu batean parte hartuko duela, "Kemen" izeneko metodologia lantzeko. Osatek erakundeagaz, Gipuzkoako Idiazabal eta Bergarako herriakaz eta Bizkaiko Sopela udalerriakaz batera parte hartuko du. 

Halaber, Erandioko Udalak politika ezberdinen bitartez udalerrian euskara txertatzen jarraitzeko apustu sendoa egiten jarraituko duela ere azpimarratu du. Zeregin horretarako, euskaraz egiten diren kultur ekitaldiak antolatuko dituzte eta udalekuak bezalako aisialdiko guneetan euskararen presentzia bermatzeko lanean dihardute.

Udaleko iturriek zehaztu dute udalerriko hogei elkarte eta eragilek baino gehiagok adierazi dutela Udalaren plan eta hitzarmenekiko konpromisoa eta Udalak sinatzen dituen kontratuen % 90ek hizkuntzari buruzko klausulak dituzte; horien artean azpimarratzekoa izan zen, 2018-2022 aldirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun