Erandioko jolastokiak gune inklusibo, jasangarriak eta berdinzaleak bihurtu gura dituzte

Erredakzioa 2023ko ots. 8a, 16:04

Astrabuduko Ignacio Aldekoa ikastetxearen egitasmoa gauzatzeko inplikazioa "eredugarria" zian dela azaldu du Udalak.

Erandioko Udalak iragarri duenez, Ignacio Aldekoa eta Goikolanda eta Altzaga ikastetxeetako jolastokiek eraldaketa nabarmena izango dute laster, jolasgune parte-hartzaileagoak, aktiboagoak, inklusiboagoak eta berdinzaleagoak jarriko baitituzte, bizikidetza eta integrazioa hobetzeko praktika pedagogiko egokiak sustatzeko helburuagaz.

Egitasmoaren lehenengo etapan, udalerriko ikastetxeetako jolastokiak aisialdirako leku gisa erabiltzea sustatu zuen Erandioko Udalak, umeek, gazteek eta haien familiek arratsaldeetan eta aste-akabuetan gozatzeko eta aisialdirako erabil ditzaten. Orain, erabiltzaileek beraiek jolastoki horiek eskola-orduetan birdiseinatzeko txanda heldu dela azaldu dute, jolas-orduek aukera desberdinak izan ditzaten eta eremuen banaketa bidezkoagoa izan dadin.

Eskoletako jolastokiak birmoldatzeko, egokitzeko eta pertsonalizatzeko aldaketa-prozesuan, azpimarratu dute oso garrantzitsua izango dela umeen, familien, ikasleen guraso-elkarteen eta ikastetxearen beraren lankidetza, eta, jakina, Eusko Jaurlaritzaren figura, bai maila material-ekonomikoan, bai aholkularitzan ere.

Ignacio Aldekoa ikastetxearen kasuan, inplikazioa eredugarria izan dela nabarmendu dute udal-iturriek; izan ere, duela hiru hilabete baino gutxiago mobilizazio orokor bat egin zuen Udalak Astrabudua osoan zehar, honako mezuaren pean:  "Patio berriak lortzeko laguntza behar dute txikiek". Ekimena sustatzeko, besteak beste, zozketa bat antolatu zuten Erandioko Merkatarien Elkartearen laguntzagaz, festa bat egin zuten hainbat ekitaldigaz eta txokolatada Extremadurako Etxearen eskutik.

Azpiegitura berriak

Udalak aurreratu du azpiegitura, joko eta eremu parte-hartzaile eta inklusibo berri horiek laster jarriko dituztela, momentuz, loteak, azpiegiturak eta hainbat elementu esleitzen ari baitira, eta zentroetako eguneroko ohiturak oztopatu gabe instalatuko gura dituztela gaineratu dute.

Hala, Ignacio Aldekoan hareazko gune zabal bat prestatuko dute; laborantzako hainbat mahaigaz; oreka, trebetasun psikomotorra eta mugikortasuna praktikatzeko aukera ematen duten jolas finkoetako elementuak, hala nola zabuak, ibilbideak, kuboak, etab.; etxola edo tipi-pare bat; eta zenbait banku eta mahai, material desberdinakaz eginda, margotu eta jolastu ahal izateko.

Aldiz, Goikolanda Ikastolako jolastokia hainbat materialegaz sozializatu, margotu eta jolastu ahal izateko banku eta aulkiakaz hornitzeko asmoa dute; rokodromoa eskaladaren kirolera hurbildu eta hainbat trebetasun fisiko garatu ahal izateko; ping-pong mahaia, jardueran hasi eta gozatzeko aukera emango duena; eta zabu desberdinak.

Altzaga Ikastolan aldiz, dauden hornidurak handituko dituztela jakinarazi dute: zabuak eta gune bigungarriak; aulkiak eta mahaiak, hainbat materialegaz sozializatu, margotu eta jolastu ahal izateko; rokodromoa eta beste jolas-elementu batzuk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun