Iragarri dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak datozen asteetan onartuko du Asuko Makro merkataritza-zentroaren inguruan BI-735 errepidea berrantolatzeko proiektua. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua, Imanol Pradales, eta Erandioko alkatea, Aitziber Oliban, bertan izan dira gaur, hilak 20, jarduketaren gaineko xehetasunak azaltzeko. Azpimarratu dutenez, hilabeteak daramatzate jarduketa horretan lan egiten, errepide-tarte horretan gertatzen diren uholdeen ondoriozko kalteak arintzeko helburuagaz.
Imanol Pradalesek adierazi du proiektuak 1,8 milioi euroko inbertsioa izango duela, BEZa barne, eta aurreikuspenen arabera, lanak zazpi hilabete eta erdiko epean amaituko dituztela. "Proiektua aste pare batean onartuko da, eta lizitazioa martxoko bigarren hamabostaldian zehar ateratzea espero dugu, lanak uda ostean hasi daitezen. Saila eta Udala elkarlanean ibili gara alegazioen aurreko fasean, eta fasea burutzen zen bitartean, uholdeek eragindako kalteak murrizteko konponbide onena duen proiektua onartzeko asmoz. Inguru horretako drainatze-baldintzak kontuan hartuta, ubideen edukiera hidraulikoa gehitzea baztertu zen, ez lukeelako eraginkortasun handirik izango. Eta azkenean aukeratu da sestra-maila igotzea 500 metroko tartean", Pradalesen hitzetan.
Bestalde, Aitziber Olibanek zera adierazi du: "Oso berri ona da errepide horretatik dabiltzan gidarientzat eta bertakoentzat, errepide-tarte hori urez betetzen den bakoitzean inguruko zirkulazioa nahasi egiten delako, eta jendearen jokabidea izaten delako aurrera jarraitzea Arrontegira heltzeko edo Erandiogoikoatik edo auzo-errepide estuetatik joatea itsasadarraren errepidera iristeko".
Jarduera-eremua Erandiogoikoaren elkargunearen eta Makro merkataritza-zentrora doazen ibilgailu astunentzako sarbideen artean dago. Jarduketa horrek zenbait betegarri egitea eskatzen duela ere iragarri dute, eta, hori ahalbidetzeko, bidearen plataforma murriztea aurreikusi dute, errepidearen paraleloan doan errekari eragin gabe. Izan ere, Makrorako sarbide nagusian dagoen "T" kanalizatu itxurako elkarguneko erdiko erreiak kentzea aurreikusten dute, eta bertan biribilgune bat egitea. Aukera horrek Makrora sartzeko mugimendu guztiak konponduko dituela adierazi dute, eta egungo gurutzaketak saihesten dituela ezkerrerako biretan.