Ikastetxea komunitatera zabaltzea ere bilatzen dutela ere azpimarratu dute zentroko arduradunek, beraz, jarduerak antolatu dituzte hainbat erakundegaz lankidetzan, hala nola Erandioko Udala, inguruko beste ikastetxe batzuk, Osakidetza, Euskal Herriko Unibertsitatea edo Euskadiko Odol-emaileen elkartea.
Horretarako, martxoaren 13tik 17ra bitartean, Ategorri Institutuko 140 ikaslek euren eskola ohiko erritmoa hautsiko dute, eta jolastorduaren ondorengo orduetan, ordutegiak, gaiak eta eskola arruntak alde batera utziko dituzte. Horren ordez, Batxilergoko 1. mailako ikasleek hainbat proiektu praktiko, parte-hartzaile eta diziplina artekotan parte hartuko dute, non ikasgaien edukiak errealitateagaz eta inguruneagaz lotuko dituzten.
Hainbat proiektu
Tarte horretan, proiektu ezberdinak eskainiko dituzte: Erandioko herritarrak odola ematera animatzeko komunikazio-kanpaina batetik hasita, urpeko dronak ekoizteko tailer bateraino. Halaber, ikasleek Erandioko iragan industrialean ere sakondu ahal izango dute , baita proiektu Europar batean ere, adinekoen egoitzan elkarrizketak eginez edo argazki-artxibo ofizialetan murgilduz.
Gainera, eguen eta barikuan inguruko beste ikastetxe batzuetako ikasleen bisita jasoko dute, proiektu batean prestatutako euskal kulturari buruzko gincana batean parte hartzera joango baitzaizkie.
Beste talde batetik, ekonomia ikasgaiari lotutako edukiak dituzten escape-roomak sortzen ikasiko dute. Escape-room horiek, gero, beste ikastetxe batzuetako irakasleekaz partekatuko dituzte, beren eskoletan erabil ditzaten. Aldi berean, beste ikasle batzuk institutuko laborategietan esperimentu ikusgarriak egingo dituzte eta beraien ikaskideei azalduko dizkiete. Bitartean, ikasle talde bat C.S.I. estiloko krimen bat ikertzen arituko da.
Arteak eta sormenak ere lekua izango dutela azaldu dute institutuko arduradunek, genero-rolen inguruko film-laburren tailer bategaz, eta baita ikastetxearen sarrera apainduko duen aniztasunaren aldeko mural erraldoi baten ekoizpenagaz ere. Halaber. proiektu horretan, ikasleek Ruth Juan artista muralistagaz egoteko aukera izango dute, bere lana ezagutu eta bere gomendioak jasotzeko.