Poeta eta kazetaria

Iñigo Astiz: "Ez dut idatzi nahi umeak zuzentzeko, aske izateko esparru bat sortzeko baizik"

Ander Zarraga 2023ko mar. 17a, 08:00

Besteak beste, Astizek Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2020an.

Jabier Muguruza musikariaren doinuei letrak jarri zizkien Iñigo Astizek, eta hortik jaio zen Dodoa izeneko diskoa. Iaz, lan horri beste itzuli bat eman eta podcast formatuan jantzi zuten EITBn. Esperientzia nolakoa izan den eta bere poesia-lanari buruz galdetzeko elkartu gara Astizegaz.

Dodoa Jabier Muguruzaren eta zure arteko elkarlanetik jaio zen. Nola batu zineten? Berak deitu ninduen, azken urteotan umeentzako diskoak ateratzen ari baita. Aurretik, Oker (txakurra da) izenekoa Iñaki Irazurekin sortu zuen, eta, hori baino lehen, Bernardo Atxagarekin Katuak eta paradisua atera zuen; lehendik elkar ezagutzen genuenez, galdetu zidan ea animatuko ote nintzen bere musikari letrak jartzera, izan ere, nik mundu honetan gehien disfrutatzen dudana da norbaitek melodia bat bidaltzea eta horri letra jartzea. Gogoratzen naiz orduan Muguruzak umeentzako onomatopeiak ondo daudela esan zidala, eta nik hori salbaziorako ohol baten modura hartu nuen; hala, letra guztiak onomatopeiaz bete nituen. Gero aitortu zidan esateagatik esan zidala, kar kar kar.

Ez dira umeentzako podcast asko ekoizten, eta zuek zerbait ezberdina egitera ausartu zarete. Nolakoa izan da emaitza?

Bada, ez dakit zer den egia esan, baina niri ez jakite hori gustatzen zait, oso emankorra egiten zaidalako. Diskoari jantzi berri bat jarri genion eta umeentzako podcast bat egin genuen. Podcast musikala edo filosofikoa izan daiteke, baina ez nuke jakingo zehazten zer den. Gure ideia umeentzako pilula txikiak egitea zen, beraien irudimena pizteko ate bat proposatzea, baina ate hori ez da umeentzako bakarrik, edonor sar daiteke, baita helduak ere, eurentzako txisteren bat ere badagoelako.

Dodoa ala Dodoak duda du? "Aitortu behar dut ez dudala argi zein den podcastaren titulua. EITBk Dodoa deitzen du, baina hasierako sintonian Dodoak duda du dio. Dudak besterik ez dituen dodo baten inguruko podcast tituluan zalantzak egotea niri akzidente perfektua iruditzen zait, kar kar kar"

Umeentzako hainbat poesia-liburu idatzi dituzu. Beraientzako idatzitakoak dira, ala zure barruko umeak idazten ditu?

Ez bata ez bestea. Esaten didatenean umeentzako poesia idazten dudala grazia egiten dit nik ez dudalako horrela bizi, nahiz eta horrekin pozik nagoen. Idazten dudanean beti egiten dut irakurriko nauen horrengan pentsatzen eta esan nahi dudanaren konplexutasunaren arabera. Batzuetan, argi dut irakurlea heldua dela, baina beste batzuetan umeentzako literaturaren baliabideak erabiltzen ditut eta atea eurei ere uzten diet zabalik, baina ez dut buruan nire seme-alaben klasekideentzako idaztea. Buruan lagunak ditut, eta, gehienak helduak izan arren, askorekin haurren literaturarekiko zaletasuna partekatzen dut. Beraz, lengoaia horretan komunikatzen gara.

Aita izateak beste ikuspegi bat eman dizu?

Umeek asko irakasten digute, baina aita izatea ez da zure umeak entzuteko posiziorik onena; osabek edo lagunek askoz posizioa emankorragoa dute. Guraso zarenean inplikazio emozionala hain handia da kezkak gozamena jaten dizula; beraien mundua etengabe zuzentzen zabiltza. Beraz, idazten dudanean ez naiz aita, parte hori desaktibatzen dut, ez dut idatzi nahi zuzentzeko, aske izateko esparru bat sortzeko baizik.

Podcastak ematen duen askatasuna: "Soinuaren edo irratiaren esparrua oso librea da, mikrofono eta irudimen pixka batekin edozer egin dezakezulako. Horri musikari onak gehitzen badizkiozu maila asko igotzen da"

Kazetariok apur bat poeta izan beharko ginatekeela uste duzu?

Esango nuke esparruaren arabera aukera dagoenean praktikatu beharko litzatekeela, baina ez debalde, kazetaritza munduko ardurarik handienarekin praktikatu behar delako. Figura literario batek ez du balio plazer hutsagatik, baizik eta errealitateari lotuta dagoelako. Egunkarietan gehien haserretzen nauena da kazetariak bere ikuspegi indibidual eta autokonplazientea jartzen duenean irakurlearen gainetik. Kazetaritzan irakurleari errespetua da nagusi, eta horri eman behar zaio zerbitzua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun