Behin proiektua onartuta, Astrabuduko Josu Murueta plaza berrurbanizatzeko lanak bi fasetan egin gura dituztela iragarri du Erandioko Udalak. Azpimarratu dutenez, egitasmoaren helburu nagusia udalerriari eremu irisgarriagoak eta, aldi berean, herritarren gozamenerako atseginagoak sortzea da.
Lehenengo fasean, zoladura berria eta eremuko landaredi-estrategia berria gauzatuko dituzte, Etxegorri kalean izan ezik. Sarbidean jardinera linealak eta errotulazio desberdinak gehitu eta agertokiko argiteria berrituko dutela iragarri dute. Lehen esku-hartze horren aurrekontua 231.774,22 eurokoa dela ere zehaztu dute udal-iturriek.
Bigarren fasean, esku-hartzeak Karl Marx kaleko zurezko eta pergolazko altzarietan oinarrituko direla zehaztu dute; bigarren jarduketa hori 111.575,83 eurotan balioetsi dute.
Ideiak batzeko lantaldea
Plaza eta bere inguruak birdiseinatzeko ideiak batzeko, Erandioko Udalak lantalde bat eratu zuela gogoratu dute udal-iturriek. Josu Muruetak izan beharreko ideia ezberdinen inguruko proposamenak biltzeko, horiei buruz eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, hain zuzen ere.
Hainbat elkarteren eta Musika Eskolaren iritzia jasotzeaz gain, udal-iturriek umeen parte-hartzea ere azpimarratu gura izan dute, Umeen Ahotsaren ekimenaren bitartez; izan ere, haur eta gazteen ahotsa entzutea oso argigarria izan dela adierazi dute, "plazaz gehien gozatzen duten pertsonak baitira".