Berbots Erandioko euskaltzaleen topaguneak Udalaren laguntzagaz egun osoko egitaraua prestatu du domekarako: musika, dantzak, tailerrak, umeentzako jarduerak, herri-bazkaria... Udalerriko eta eskualdeko hainbat elkarteren laguntza jaso dute guztia antolatzeko eta, horregatik herritar guztiak gonbidatu gura izan dituzte jardueretan parte hartzera eta egunaz gozatzera.
"Jaialdia helburu bigaz sortu zen: alde batetik, euskaltzaleak elkar ezagutzeko gune bat sortzea eta euskal kultura sustatzea, eta, bestetik, herriko auzo txikiak ezagutzera ematea; horrexegatik, aurten Lutxanan ospatuko dugu Kanpomartxo", azaldu du Mikel Zarate Berbotseko kideak. Gogoratu duenez, duela 29 urte hasi ziren jaialdia antolatzen, udalerriko nagusiei antzina udaberri aldean egiten ziren jaien inguruan galdetu eta gero. "Jai irekia da bai parte hartzen duten elkarteengatik, bai herritar guztiak bertaratzera gonbidatzen ditugulako ere", azpimarratu du Zaratek.
Aurten, gainera, COVID-19aren izurritearen aurreko formatua berreskuratu dute, azken hiru urteetako murrizketak erabat baztertuz, beraz, egun osoko egitaraua prestatu dute 10:00etatik 18:00etara.