Turismoko marketinaren azken joeren arabera, sare sozialek garrantzi handia bereganatu dute, eta, Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, sare sozialek influencer-en eta turismoaren marketina deritzonak erakargarritasun oso altua lortzeko aukera ematen dutela baieztatu dute. Oraingoz, Instagram da pertsona famatu horiek gehien erabiltzen duten sare soziala horrelako sustapen-kanpainak garatzeko, eta, azpimarratu dutenez, helmuga turistikoek bat egin behar dute joera horiekaz.
Edukiei dagokienez, azaldu dutenez, gehien erabiltzen den formatuetako bat da protagonista bakoitzak Erandiok eskaintzen dituen ibilbideei buruzko "minigida" bat egitea. Horrela, gune eta plan zehatzak aurkezten dituzte, txangoak egiteko ideiakaz eta zer egin eta zer ikusi azaltzeko proposamenakaz edo hainbat sektore batzen dituen nahasketa bategaz, hala nola natura, kirol- eta kultura-jarduerak.
Iragarri dutenez, datozen egunetan, instagramer bakoitzak bere sare sozialetan argitaratuko ditu Erandion gozatu dituzten planak: Lander Otaola aktoreak Erandio eta Bizkaiko ekonomiaren motorra den ondare industriala erakutsiko du, Virginia Berasategui kirolariak Akarlanda parkean bizikletaz egingo duen ibilaldiko bere esperientzia azalduko du, Ainhize Ruizek Erandioko ondare historikoa eta naturarik landatarrena zeharkatuko ditu, Carla Pérez influencer-ak Gasolino ikonikoan zeharbide batez gozatuko du eta RetroMobile Storeage-k Bizkaiko auto klasikoen epizentroa bisitatuko du, eta, azkenik, Sergio Ovejero influencer eta kazetariak Goiherri hipika egun batez bisitatuko du.
Hori horrela, hurrengo egunetan, Erandioko udalerriak aniztasunetik aisialdiaz eta turismoaz gozatzeko eskaintzen dituen aukera guztiak erakutsiko dituzte kalitatezko eduki zainduakaz; horretarako, bakoitzak reel formatuko bideoa laburra igoko du hautatutako planagaz. Era berean, hainbat eduki igoko diuzte martxoko azken egun hauetan eta apirilean zehar.
Turismo arloak iragarri duenez, ekimen honegaz 235.000 lagunetik gorako audientzia lortu gura dute, plan horiez gozatzeko aukera zabaldu ahal izateko.