Etxez Etxeko Laguntzaileen esanetan, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen dute Erandioko herritarren ongizatean laguntzeko, eta hori hobetzen lagundu gura dute. Horretarako, ordea, eskubide duinak edukitzea ezinbesteko ikusten dute. "Pandemian Aste Santuko oporraldiari uko egin genion, ezeren truke. Eta, horren ostean, Udalak benetan egin duena izan da gu zigortzea, atseden egunak kenduz. Gure atsedena gure osasuna da!", aldarrikatu dute langileek.
Horregatik, sariak baino eskubideak nahiago dituztela salatu dute. Besteak beste, hurrengo hauek aipatu dituzte zabaldutako oharrean: kendu dizkieten atseden egunak berreskuratzea; bajak eta oporrak lehen egunetik betetzea; lanek duten balioa aitortzea, hala nola egiten duten ekarpena eta dagokien kategoria profesionala; erabiltzaile bakoitzari egin dioten zerbitzu-denboraren murrizketa lehengora itzultzea; lan-baldintzak hobetzea; kontziliazio neurriak ezartzea; eta lizentzien aurreko interpretazioaren itzulera.
Halaber, garbitzaileekaz batera, soldata baxuena duen kolektiboa direla azpimarratu dute, "kasualitatez, zerbitzu feminizatuenak", salatu dute ironiaz. Horregatik, "egoerari buelta emateko garaia dela" aldarrikatu dute, zaintzaileak zaintzeko mezua mahai-gainean jarriz.