Udalak jakinarazi duenez, Axpeko Erriberan dagoen diskotekak hartu du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Koordinazio Batzordearen arteko azken bileraren zati handi bat. Erandioko poliziak dauka Leioatik Larrabetzuraino hartzen duen batzorde horren presidentetza, eta aipatutako eremua lehentasunezkotzat jo dute bilera egin duten polizia-buruek.
Erandioko Udaleko iturriek azaldu dutenez, arau-hauste penalak, batez ere lapurretak, areagotu egin dira Axpeko Erribera eta Madaripe inguruan, baina Sonora diskotekaren "fenomenoa" isolatuz gero, udalerriko datuak "erabat normalak" dira.
Halaber, Udalak aintzat hartu du Ertzaintza egiten ari den ahalegina aipatutako eremua kontrolatzeko eta azpimarratu du Udaltzaingoak sei patruilagaz indartu dituela zapatu eta domeketako zaintza-lanak. Besteak beste, hainbat jarduketen bitartez arma zurien edukitzea kontrolatzen ari dira, nahiz eta adierazi dute inguru horretan ez dutela kopuru bereziki esanguratsuan atzeman.
Zentzu horretan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kezka eta metodologiak partekatzeaz gain, euren arteko koordinazioa fintzen ari direla ere azpimarratu dute. Halaber, ondorioztatu dute Udalak jarritako disuasio-kamerakaz eta Ertzaintzak aurrera daraman Arma Zurien Planagaz delituek behera egin beharko luketela, nahiz eta neurri horien eraginkortasuna balioespen-fasean dagoen.
Horrez gain, gaineratu dute diskotekaren inguruko kalezuloetako bat ere itxi dutela bertako enpresakaz adostuta, eta Ertzaintzaren furgoneta bat ere egon ohi dela metro-geltokiaren ingurua zaintzen.
Halaber, Erandioko Udalak azpimarratu du ez duela aipatutako aisialdi-zentroaren ordutegia hedatzea onartu, nahiz eta establezimenduak birritan eskatu. Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak ere ez du onartu establezimenduaren jarduera handitzea, beharrezkoa ez den arazo berezi bat delakoan.