Liburuaren atarikoan azaltzen dutenez, Gaminde eta Eguskizaren xedea Erandioko euskara berreskuratzea izan da: "Gure euskara biziberritu nahi dugu, edo, behintzat, ez ahaztu. Gure arbasoek utzitako altxorra ez galtzeko eta gure sustraiak mantentzeko". Halaber, lan horren bitartez Erandio "herri gero eta euskaldunagoa" egiteko helburua ere aldarrikatu dute, lotsak eta beldurrak alde batera utzita.
Aurreko apirilaren 27an egin zuten azterlanaren aurkezpena Erandiogoikoko gizarte etxean, eta egileakaz batera izan ziren Aitziber Oliban Erandioko alkatea eta Adrian Busto euskara eta kultura arloko zinegotzia. Haiekaz batera ere egon ziren lana egiteko prozesuan parte hartu duten hainbat erandioztar.