Bertan behera geratu da Astika Herria husteko behin behineko agindua

Ander Zarraga 2023ko mai. 12a, 09:57

Astika Herria defendatzeko egindako manifestazio bat, artxiboko irudian. © ECUADOR ETXEA

Maiatzaren 25ean Erandioko Astika Herria husteko agindua ezarri zuen Bilboko epaitegi batek; orain, agindua bertan behera geratu da, baina gune okupatuko ordezkariek ohartarazi dutenez, bertatik bota ditzaten arriskua ez da desagertu, "prozesuak aurrera jarraitzen du, beraz ezin diogu adi egoteari utzi". 

Astikako ordezkariek azaldu dutenez, Bizkaiko Auzitegiko epaileek kaleratzearen aurkako helegitea onartu dute eta frogatutzat eman dute bertan bizi direnak atera eta etxeak botatzen badituzte herritar horiek egoera zaurgarrian geratuko liratekeela. "Bertatik botatzen bagaituzte eta etxeak eraitsi ondoren epaileak arrazoia ematen badigu ez dugu nora bueltatu izango, beraz hori ebatzi artean hustea bertan behera geratu da", azaldu dute Astitako kideek.

Orain, Bizkaiko Auzitegian jarritako helegitearen ebazpenaren zain daude beraz. Horren erabakia beraien aurkakoa bada, horri ere helegitea jartzea aztertzen ari direla iragarri dute, "beraz, auzia beste hilabete batzuk luzatuko da oraindik". Momentuz, azpimarratu dute kaleratze-arriskua ez dela desagertu, eta azken asteotan okupazioaren mugimenduaren aurka eman diren hainbat eraso salatu dituzte: "Tinko jarraitu behar dugu borrokan, kapitalaren bortizkeriari aurre egiten, autogestioa eta elkar zaintza lanabes onenak ditugularik, gure etxeak, gaztetxeak eta guneak behar ditugu, gure munduan ezinbestekoak direlako".

Era berean, argitaratu duten komunikatuan eskerrak eman gura izan dute azaldutako elkartasunagatik "proiektua hauspotzeagatik", eta, bereziki, "egunero irmoki lanean dabilen Okupazio Bulegoari".

Bukatzeko, Astika Herria defendatzeko erabaki irmoa berretsi dute beste behin, eta gaur arratsaldean, 19:30ean, Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egingo duten mobilizazio-deialdian parte hartzeko deia zabaldu dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun