Aipatutako erakundeek salatu dutenez, "pertsona hau bost urtez egon da gaur gaurkoz La Caixa bankuarena den etxe horretan bizitzen, eta etxegabetzea atzeratzea lortu badu ere, azkenengo hau behin betikoa dela ematen du". Gaineratu dutenez, pertsona horri "instituzioen aldetik aukera bat eskaini bazioten ere gaur egun ukatu egin diote eta hautabide hori ez dago mahai gainean. Gainera, mehatxu telefonikoak jasan dituela salatu du".
Era beran, Etxebizitza Sindikatuak salatu du banku, inbertsio-funts eta kapital handientzat higiezinen merkatua euren irabazi ekonomikoa zein eragin sozial eta politikoa handitzeko bitartekoa dela: "Nahiago dute jendea gero eta baldintza ezegonkorragoetara eta prekarioagoetara kondenatzea, beste aldean etxebizitza hutsak pilatzen dituzten bitartean". Horren aurrean, eguneko elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak eta "etxegabetze forma oro, era iraunkorrean eta baldintzarik gabe, bertan behera geratzea exijitzea beharrezkoa dela", aldarrikatu dute.