Jado ikastetxeko bozeramaileek Erasmus+ programari esker gauzatzen ari diren ekimena goraipatu dute, ikastetxearentzako "aurrerapauso" bat dela azpimarratuz. Azaldu dutenez, egitasmoak eleaniztasuna du helburu eta D eredua oinarri, izan ere, Erandioko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, ikasleek euren komunikazio-gaitasunak garatuko dituzte, garapen kognitiboa hobetzen duten bitartean. "Horrek errendimendu akademikoa optimizatzen du eta etorkizunean arrakasta profesionala indartzen du", azpimarratu dute arduradunek.
Horrez gain, egonaldian zehar hezkuntza-komunitatearen barruan bizikidetza sustatzeko aukera ere izango dute ikasleek, egunero harremanetan egongo baitira Rydułtowyko umeakaz batera. Horretarako bide bat kirola izango dela azaldu dute, Jadoko ikasleek Poloniako kirol tradizionalak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango baitute. Era berean, ume poloniarrei herri-kirolak ere erakutsiko dizkiete.
Erasmus+ programako lehen esperientzia ikasturte honetako martxoan izan zen. Orduan, Jadoko DBHko bi irakasle Charolleseko (Frantzia) ikastetxe batean izan ziren, bertan hainbat hizkuntzatan –ingelesa, frantsesa, alemana, txinera eta gaztelania– aplikatzen diren metodologiak ezagutzeko. Orain, Lehen Hezkuntzako 39 ikaslerentzat ere errealitate bihurtu da Poloniarako bidaia, Erasmus+ laguntzari esker.