Abeslaria eta poeta

Lova Lois: "Hitzek sendatzeko ahalmena dute eta artistaren figura beharrezkoa da gizartearen garapenerako"

Ander Zarraga 2023ko eka. 14a, 08:00

Bere poesietako hitzak musikan irauliz mundua aldatu gura duen abeslaria da Lova Lois astrabuduarra. Bakarlaria ez ezik, Esne Beltza taldeko abeslaria da ere.

Rap musikaren bitartez bere poesia kanporatzen duen abeslari baten moduan definitu ahal zaitugu?

Bai, azkenean poesia idazten hasi nintzen mundua aldatzeko desira. Gitarra jotzen hastean konturatu nintzen musika jende askoz gehiagok kontsumitzen zuela poesia baino eta nire helburua zenez jendeari nire mezua helaraztea, ba gitarra aliatu bat bezala hartu nuen. Duela urte bat inguru instrumentalekin jolasten hasi nintzen eta horrela hasi naiz "rapeatzen".

Askok abeslari bezala ezagutuko zaituzte, baina poeta gisa ibilbide oparoa egin duzu, zer kontatu ahal diguzu horren inguruan?

Ba publiko baten aurrean aurkeztu nuen lehenengo gauza poesia izan zela Bilboko Poetry Slam lehiaketan, 2018an, 18 urte nituela. Itzela izan zen irabazi izana eta finalista nazionalen artean egotea. Baina dudarik gabe niretzako saririk garrantzitsuena izan zen egun haietan benetan antzeman nuela hitzek duten sendatzeko ahalmena eta artisten figura beharrezkoa dela gizartearen garapenerako.

Zure abestien eta poemen letretan kontu sozialak ardatz direla esan daiteke, ezta?

Bai, asko kezkatzen ninduen beti munduan dauden arazoei aurre egiteko boterea edo baliabideak ez edukitzea eta denborarekin idazteko gaitasuna erreminta bat bihurtu da niretzako.

Zeintzuk dira gehien arduratzen zaituzten injustizia horiek?

Egia esanda injustizia guztiak lantzeko aukera izan nahiko nuke, baina gertutik ezagutu ditudan injustizia horietako batzuk: arrazakeria, homofobia, matxismoa eta desberdintasun sozialak dira, baita osasun mentala zaintzeko baliabideen gabezia osasun publikoan ere.

Asko esaten da gazteak ez daudela arazo sozialakaz konprometituta eta horrelakoak, horregaz ez zara ados egongo.

Beno nire ustez gizartearen ongizatea denon ardura da eta gaur egun dauden gazteak kristalezko belaunaldien parte direla diote, hauskorragoak edo sentsibleagoak direlako. Niretzako hori zerbait aldatzen ari denaren adierazle bat da. Beraz, ez nago ados, nire ustez orokorrean gazteak gero eta konpromiso gehiago hartzen ari dira arazo sozialei aurre egiteko.

Erandion arazo horiek agerikoak dira?

Bai, arazoa estrukturala baita eta momentuz ez dut ezagutu arazo sozialik ez duen auzorik edo hiririk. Zerbait aldatu nahi badugu lehendabizi onartu beharko genuke denok daukagula desikasteko ardura.

Ze beste gai jorratzen dituzu zure abestietan?

Bizipen pertsonalei buruz ere idazten dut, normalean maitasun istorioak edo nire burua maitatzeko ahaleginean topatzen ditudan oztopoei buruz.

2022an Esne Beltza taldearen abeslari gisa ere sartu zinen, nolakoa izan da esperientzia?

Ba super pozik nago. Asko ikasten ari naiz, talde batekin abestea oso desberdina baita. Taldeko giroa ederra da eta asko eskertzen diet nigan jarri duten konfiantza, baita ematen didaten askatasunagatik nire letrak bere kantetan abesteko ere.

Non ikusi ahalko zaitugu uda honetan?

Datak ixten nabil, baina, momentuz, esan ahal dut abuztuaren 10ean Astrabuduko jaietan izango naizela eta Esne Beltzarekin kontzertu ugari ditugu uda honetan. Instagram-ean jarraitu ahal nauzue ezer ez galtzeko: @lovalois_

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun