Airearen Zaindariak: "Erandioko airearen baldintzak jangelan auto bat martxan bagenu bezalakoak dira"

Ander Zarraga 2023ko eka. 9a, 11:48
Erandioko hainbat bizilagunek kutsadura salatzeko egindako elkarretaratze batean. © AZOKOA HERRIKOI ELKARTEA

Mailukiakaz airearen kalitatea neurtzeko egitasmoa azaltzeko, Airearen Zaindariak egitasmoa bultzatu duten CSICeko bi zientzialarik argibideak eta emaitzak azaldu zituzten aurreko martitzenean Eusko Legebiltzarrean. Herritarren parte-hartzeri esker egindako ikerketa horrek ondorioztatu zuenez, hainbat faktoreren eraginez Erandioko airea Madrilekoa baino kutsatuago dagoela.

Enrique Navarro eta Daniel Bruno CSICeko ikerlariek eta Airearen Zaindariak proiektuko arduradunek aurkeztu zituzten egitasmoaren emaitzak Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Batzordean. Zientzialariek euren azalpenak eman zituzten Auzokoa Herrikoi eta Herri Bideak Kate Barik elkarteek bultzatutako ekimenari esker.

"Hamar pertsonatik bederatzik aire kutsatua arnasten dute", ohartaraziz hasi zuen bere parte-hartzea Navarrok. Berak azaldu zuen nola egin zuten herritarren ekarpenei esker, "metodo fidagarriak baliatuz", Erandion, Gasteizen eta Espainiako Estatuko hainbat hiritan arnasten den airearen kalitatea aztertzeko. 

Zientzialariak azaldu zuen 2019tik Estatu osoko 10.000 herri-ikerlarik baino gehiagok parte hartu dutela ekimen horretan, "euren etxean landare bat edukiz". 2020an, arestian aipatutako elkarteek elkarte erandioztarrek ere eskualdeetako enbaxadore gisa egindako lanari esker 300 landare inguru banatu zituzten udalerrian.

Proiektua horren bitartez, parte-hartzaileek hiru hilabetez airean dauden partikulak batzen dituzten landareak izan zituzten beren etxeetan; Erandioren kasuan mailukiak izan ziren landare horiek. Ikerlariek gero landare horietako hostoek duten "aztarna magnetikoa" neurtu zuten, besteak beste, airean zeuden metal partikulak neurtzeko.

Emaitzak

2020an, lehen laginak jaso zituztenean, Erandio Espainiako Estatuko udalerrietatik daturik okerrenak batu zituena izan zela kontatu zuen Brunok, "Madril edo Bartzelonaren gainetik". Seinale magnetikoari esker neurtutako metal astunen presentzia udalerriko gune guztietan izan zen altua, "itsasadarretik urrendu ahala bakarrik apur bat apalduz".

Estazio ofizialek ere emaitza horiek balioztatu zituztela azaldu zuen CSICeko zientzialariak, eta berretsi zuen horrek biztanleen osasunean eragin kaltegarri larriak dituela. Gainera, ikerketa horretan frogatu zutenez, batez beste Erandion EAEko hiriburuetan baino metal astun kopuru altuagoak zeuden airean, hala nola kadmioa, nikela, beruna eta benzopirenoa. Kasu batzuetan, metal astun horien presentziak OMEk –Osasunaren Munduko Erakundeak– ezarritako gehienezko mailatik hurbil zeuden eta batzuek gainditu ere egiten zituzten.  

Erandio eta Madril

Ikerlariek azaldu zutenez, herritarrek leku batean edo bestean jasaten dituzten baldintzak ez dira isurketen edo industria-sistemaren tamainaren araberakoak. Airearen kutsadura ingurumenaren eta baldintza pertsonalen mende dago, beraz, leku batzuetan besteetan baino kutsatzaile gehiago pilatzeko arrisku handiago dago. "Erandioko airearen baldintzak jangelan auto bat martxan bagenu bezalakoak dira", ohartarazi zuen Navarrok. 

Bukatzeko, zientzialari biek horrelako herri-ekimenen garrantzia goraipatu zuten: "Horiei esker, herritarrek ez dutelako bakarrik informazioa jasotzen, beraiek ere informazio-igorleak bilakatzen baitira, eta, gainera, zientzialarien eta herritarren interesek bat egiten dute ingurumenaren zaintzari dagokionez". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun