Aurreko urteko azaroan, Erandioko Udalak Erandiogoikoko San Jose nagusien egoitza kudeatzeko lizitazioa egin zuen. Lehiaketara aurkeztu ziren enpresen artean zegoen ordura arte zentroa kudeatu zuen Garbialdi, baina, azkenean, Gizatzenek bereganatu zuen egoitza kudeatzeko kontratua. Esleipendunak beste enpresak baino 240.000 euro gutxiago eskatu zituen horretarako.
Erandioko EH Bilduk ohar bidez azaldu duenez, "Gizatzen enpresaren aldeko esleipena ezagutu berri genuenean, argi eta garbi utzi genuen horrek izan zitzakeen ondorioak, batez ere zerbitzuaren kalitatean". Denborak arrazoia eman die, izan ere, gaur bertan salatu dute egoitzak ez duela medikurik. Deitoratu dutenez, "zentzugabekeria" da egoitzako erabiltzaileek medikurik ez izatea, "haientzat funtsezko zerbitzutzat jotzen dugunean".
Koalizioko kideek azaldu dute enpresak helarazi duen irtenbidea dela Osakidetzak bere gain hartzea zerbitzu mediko horiek. Gaineratu dutenez, enpresa esleipenduna Udalaren pleguetan oinarritzen da "justifikatzeko funtzionamendura egokitzeko hiru hilabete dituela".
Enpresa horren historiala ezagutzen zutela arrazoituta, esleipen horren aurka azaldu zen talde bakarra izan zirela ere gogoratu dute koaliziokoek: "EH Bildutik bagenekien zerbitzuak ez zirela modu egokian bermatuko". Izan ere, Gizatzen enpresak hainbat lan-gatazka izan ditu, besteak beste, Donostiako Udalaren eraikinak garbitzeko langileakaz edo Zumarragako (Gipuzkoa) Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginakaz
"Ezin dugu gehiago itxaron udal-zerbitzuak pribatizatzearen ondorioei buruzko hausnarketa sakona egiteko, eta are gehiago pertsonen zaintzarekin lotuta daudenean", azpimarratu dute EH Bildukoek eta exijitu dute zerbitzu medikoa lehenbailehen bermatu dezaten.