Ekainaren 28tik uztailaren 1era

Euskararen aldeko bizikletada batean parte hartuko du Erandioko Tartanga Lanbide Heziketak

Nahia Martinez Gondra 2023ko eka. 22a, 09:57
Ibilbidea ekainaren 28tik uztailaren 1era egingo dute bizikletaz.

Erandioko Tartanga Lanbide Heziketa zentroak euskararen normalkuntzarako saretze eta partekatze ekintza bateri ekingo dio Barakaldo eta Txurdinagako zentroakaz batera. Hala, Gipuzkoako eta Nafarroako beste Lanbide Heziketako eragileakaz saretuko dira eta bizikletaz Barakaldotik Irisarrera joango dira ekainaren 28tik uztailaren 1era. Xedea da euskarak Lanbide Heziketan duen presentziaz hausnartzea, baita aurrera egiteko proposamenak zentro ezberdinen artean adostea ere.

Tartanga, Barakaldo eta Txurdinagako institutuetatik Irisarren ospatzen den EHZuzenean festibalerako bidea egingo dute bizikletaz, modu horretan, Lanbide Heziketa zentro euskaldun ezberdinen topaketa egiteko asmoz. Helburua da Gipuzkoako eta Nafarroako Lanbide Heziketako eragileakaz saretzea: "Gure egoerak ezagutuz eta partekatuz, neurri, proposamen zein aldarrikapenak gorpuzteko intentzioa dugu", azaldu dute zentroetako parte hartzaileek. Hala, Lanbide Heziketako Hizkuntz Normalkuntza Batzordeak eta euskararen egoeraz arduratuta dagoen irakasleria elkartu dira hiru egunetako bizikleta birari ekiteko.

Ibilbidea ekainaren 28tik uztailaren 1era egingo dute bizikletaz; Bizkaiko mendebaldetik (Erandioko Tartanga, Barakaldo eta Txurdinagako institutuetatik abiatuta) Behe Nafarroako Irisarri herrira. "Bidetik gurutzatzen ditugun Lanbide Heziketa zentroetan kukuak egin eta egunero hitzordu bat bideratuko dugu, bertan hausnarketak partekatu eta gure aldarriaren mezua bateratzeko eta indartzeko", azaldu dute antolatzaileek.

Ekainaren 28an, eguaztenean, Bizkaiko lurraldea gurutzatuko dute, eta Iurretan izango dute lehenengo hitzordua, 11:30ean. Bertan, bilera ireki bat egingo dute Lanbide Heziketaz eta euskararen normalkuntzaz aritzeko. Bukatzean ibilbidea jarraitu eta Deba aldean gaua pasatzeko asmoa dute. Hurrengoko egunean, ekainaren 29an, eguenean, Gipuzkoa zeharkatu eta Donostiako Easonen elkartuko dira, Iurretan egin bezala Gipuzkoako jendea erakartzeko asmoz. Hala, egun horretan, Lesakara arte helduko da bizikleta martxa. Hirugarren egunean, ekainaren 30ean, barikua, Nafarroako Iparraldetik Elizondoko Lanbide eskolara joango dira, eta bertan, tokiko errealitatea jaso, partekatu eta saretzeko helburua dute. Egun horretan bertan Irisarrin ospatuko dan EHZ festibalera helduko dira, eta bertan, Baionako Etxepare Lizeokoakaz hitzordu bat antolatu dute egindakoaren hausnarketa baten ostean, ekimenari bukaera emateko. Antolatzaileek diotenez, bertan bizi eta jasotakoak "zabaldu" eta etorkizunerako dinamikak aztertuko dituzte.

Hona hemen ibilbidearen laburpena:

1. Eguna (2023/06/28): Barakaldo / Erandio / Txurdinaga – Deba: Barakaldo, Tartanga, Zornotza, Iurreta, Armeria Eskola, Meka, IMH.
2. Eguna(2023/06/29): Deba – Bera: Monte Albertia, Usurbil, Easo Politeknikoa, Don Bosco, Bidasoa.
3. Eguna(2023/06/30): Bera – Irisarri: Bera Toki-Ona, Elizondo.
4. Eguna (2023/07/01): EHZ (Irisarri): Bernat Etxepare Lizeoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun