Gizon bat atxilotu dute beste bati buruan metalezko barra bategaz kolpatzeagatik

Ander Zarraga 2023ko eka. 26a, 09:38
Ertzaintzaren patruila bat Barakaldon. Erasoa Erandion gertatu arren, ezkerraldeko udalerri horretan atxilotu zuten ustezko egilea. © ERTZAINTZA

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten zapatuan, Erandioko diskoteka baten aparkalekuan beste gizonezko bati metalezko barra bategaz eraso egin ostean. Ustezko erasotzaileak auto batean ihes egin zuen, baina handik gutxira Barakaldon atxilotu zuten. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larriak baitzituen.

Erasoa zapatuko goizaldeko lau eta erdiak aldera gertatu zen Erandioko diskoteka baten kanpoaldean. Gertakizunaren lekukoek dei bidez jakitera eman zutenez, gizon bat auto batetik jaitsi eta beste bat atzetik jo zuen Erandion kokatuta dagoen ostalaritza-lokaleko aparkalekuan.

Segurtasun Sailaren arabera, erasotzaileak biktima buruan jo zuen metalezko barra bategaz, eta lurrean konorterik gabe utzita bere autoan ihes egin zuen. Adierazitako lekura hurbildu ziren Ertzaintzako agenteek erasoaren lekuko batzuegaz hitz egin zuten, eta horiek erasotzailearen eta ihes egiteko erabili zuen autoaren deskribapena eman zieten.

Osasun-langileek biktima artatzen zuten bitartean, agenteek egiaztatu ahal izan zuten autoaren titularra Barakaldon bizi zela., eta erasoaren polizia-alerta jo ondoren, Udaltzaingoaren patruila batek Barakaldoko Lutxana auzoan geldiarazi duen zuen auto susmagarria. Ertzaintzak 21 urteko gizonezko ustezko erasotzailea atxilotu zuen, eta polizia-egoitzara eraman zuen beharrezko polizia-eginbideak betetzeko. Horiek amaitutakoan, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larriak baitzituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun