Burgos, Bartzelona, Valentzia, Madril, Kantabria, Gipuzkoa edo Zaragozatik etorritako 20 bat gazte ari dira aurtengo Erandioko Auzolandegian lanean, Erandioko landa-inguruneko ondare historikoa eta naturala berreskuratzeko proiektuan.
Eusko Jaurlaritzak eta Erandioko Udalak sustatzen dute programa eta Astrabuduko Ignacio Aldekoa ikastetxean du oinarria. Bertan, ekainaren 30etik uztailaren 14ra bitartean hainbat jarduera egingo dituzte.
Auzolandegietako proiektuak inguruko iturriak eta iturburuak garbitzean, zaharberritzean eta izendatzean datza. Aurten, Azkaiturri eta Uredarre erreken jaiotzagaz lotutako bidezidorrak markatzea, bai eta interes historiko eta etnografikoa duten karezko labeak berreskuratzea eta zaharberritzea ere izango dira beraien zereginetako batzuk.
Gazteek, goizetan egiten dituzte boluntariotzaren esparruko gaikako lanak, eta arratsaldeetan eta aste-akabuetan jarduera osagarriak dituzte. Animazio-taldeak parte-hartzaile guztien eta eremua hartzen duen komunitatearen arteko harremana ahalbidetzeko jarduerak proposatzen dizkiete, jolasak, kultura jarduerak eta kirolak praktikatzen dituzte, besteak beste.
Programak, halaber, bizikidetzako, tolerantziako, elkartasuneko eta partaidetzako balioak sustatzeko helburua ere du. Gainera, Auzolandegiek Erandioko nortasuna eta marka ere sustatzen dute, hori dela eta, horiek amaitzean, egindako ekintzen berri emango dute, herritarrak kontzientziatzeko natura-ondarea behar bezala mantentzearen garrantziaz.