Murueta ontziolako langileek enpresa salatu dute jazarpen egoera jarraitu batengatik eta sekretu pertsonalak publiko egiteagatik. Hori dela eta, hurrengo uztailaren 18an, besteak beste, giza-baliabideetako arduradunak zigor-arloko auzitegian deklaratu beharko duela azaldu dute ontziolako beharginen CNTko ordezkariek. Era beran, hilaren 19an egingo duten itsasontzi baten itsasoratzean informazio-piketea ere egingo dutela iragarri dute.
Zehaztu dutenez, Getxoko epaitegiko zigor-arloko epailea ikertzen ari den kasuan enpresak sekretuak diren hainbat langileren datu mediko pertsonalak zabaldu ditu eta horien aurkako diskriminazio-prozesu bat ezarri du, behargin horien egoera erabat prekarioa bihurtuz.
Halaber, CNT sindikatuak azaldu du, besteak beste, azken urteotan enpresak laneko arriskuen prebentziorako legea urratu duela, irregulartasunak eman direla langileen kontratazioan edo legez kanpoko lagapenak egin dituela. Jarrera horiek salatu dituzten langileen aurkako erasoak, jazarpena eta ekintza sindikala oztopatzeko jarrerez ohartarazi dute sindikatuko kideek eta horren eraginez hainbat behargin bajan daudela edo enpresa utzi behar izan dutela deitoratu dute.