Erandioko Mugimendu Feministak deituta, dozenaka auzokide batu ziren atzo, eguenean, Altzagako metro geltokiaren aurrean joan den asteleheneko eraso matxista gogor salatzeko. "Beste behin ere, eta zoritxarrez, hemen gaude. Berriro ere gure herrian beste emakume bat erasotua izan da bere ustezko espazio seguruan. Aski da!", deitoratu zuten batutakoek.
Kide feministek azpimarratu zutenez, gizartea "ustela" dago: "Sistema patriarkalak etxeak eta kaleak espazio ez-seguru bihurtzen ditu emakumeontzat". Are, deitoratu zuten instituzio eta erakunde publikoek ez dituztela emakumeak babesten. "Legedien eraldaketak ez dira nahikoak emakumezkoak indarkeriez babesteko; Komunitatea babesleku bihurtu behar dugu. Denok dugu ardura, beraz ez izan konplize! Aliantza feministak sendotuz, indarkeria matxista errotik desagerrarazi arte borrokatuko gara!", aldarrikatu zuten.
Bere aldetik, Erandioko Udalak alderdiek sinatutako adierazpen instituzionala argitaratu zuen atzo, eguenean, eta, horren bidez, babesa eta elkartasuna adierazi gura izan zioten emakume horri, bai eta haren familiari eta gertukoei ere, eta "gure esku dagoen guztian laguntzeko prest" agertu ziren. Udal alderdiek komunikatuan adierazi dutenez, "indarkeria matxista ez da eremu pribatuko arazoa; gizartearen arazoa da, arazo estrukturala eta kolektiboa, guztiona; beraz, denoi dagokigu jokabide matxistei aurre egitea". Erandioko Udalarentzat, testuaren arabera, "lehentasuna da indarkeria matxista prebenitzea eta herritarrak arazo horren inguruan kontzientziatzea". Hala, Udalak herritarrak gonbidatu zituen Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera, "ahalegin guztiak egingo ditugu elkarbizitza eta errespetua gailenduko diren gizarte berdinzale bat lortzeko, gaur arbuiatzen dugun erasoaren modukoak sekula ez errepikatzeko".