Astrabuduako talde feministak azaldu duenez, Genero Indarkeriaren aurkako Lege Integrala indargabetzea eskatzeko elkarretaratzean hurrengo informazio faltsuak zabaldu zituzten: "Han bildutako pertsonek salaketa faltsuei buruzko asmatutako datuak azaldu zituzten (haien arabera, epaitegietan jarritako guztien % 60). Gainera adierazi zuten Genero Indarkeriaren aurkako Lege Integralak gizonak gaizki tratatzen eta diskriminatzen dituela".
Horren aurrean, talde feministako kide bat kontzentratuengana hurbildu zen azalpenak eskatzeko, eta deialdira bertaratutako lagunek Ertzaintzaren patruila bat deitu zuten: "Gure taldeko kidea identifikatu zuen, eta poliziak azaldu zuen deialdia legezkoa zela, eta kontzentratuak adierazpen-askatasunerako eskubideaz baliatzen ari zirela, zabaltzen dituzten informazioak edo datuak benetakoak, manipulatuak edo zuzenean asmatuak izan ala ez".
Deitoratu dutenez, adierazpen-askatasunaren argudioak "talka" egiten du Erandioko Udalak talde feministagaz edukitako jarreragaz. Izan ere, aurtengo Astrabuduako jaietan, pasa den abuztuaren 9an, taldeak "Erandioko udaltzainek salmentako langileei urtero eragindako jazarpen- eta kriminalizazio-jarrerei buruzko aipamena" egin gura zuen. "Kasu honetan, badirudi ez dela onargarria adierazpen-askatasunerako dugun eskubidea erabiltzea; izan ere, Erandioko Udalak berak presioak eta hertsapenak egin ditu gure ahotsa isilarazteko, eta aurtengo manifestuan ez da inolako aipamenik egin udaltzainek kalez kaleko salmentako langileen aurka egiten dituzten esku-hartzeei buruz, pertsona horiekiko errespetu falta eta umiliazio izugarriak egin dituztelako", salatu du taldeak.
Hori guztia dela eta, adierazi dute egoera honen aurrean Udalaren "azalpen" bat espero dutela: "Erandioko Udalak azaldu beharko du zergatik baimentzen dituen kontzentrazioak Genero Indarkeriaren aurkako Legea indargabetzeko adierazpen askatasunean oinarrituta, eta, aldiz, kolektibo feministak presionatzen dituen jarrera eta praktika arrazisten salaketa publikoak isilarazteko".