Hirugarren urtez, "mimoz eta gustuz" prestatuko hiru saio dakartza Erandioko Gautxoriak elkarteak; aurrekoetan bezala, euskaraz, kalitateari erreparatuz eta formatu txikian antolatutako emanaldiak izango direla aurreratu dute. Azaldu dutenez, 2020an egin zuten "aurkikuntza handi" hori munduagaz partekatzen jarraitu gura dute, eta, orduan herrian zegoen hutsune kultural hori betetzeko egitasmoak izan duen erantzun ona ikusita, hasierako helburuei eutsiko diete aurten ere: "Herria biziaraztea, eta euskara plazerarekin lotzea dira gure sakoneko asmoak".
Aurten nobedadea dakartela ere iragarri dute elkartekoek. Azken domekan, irailaren 24an, ohiko arratsaldeko saioaz gain, goizean Erraldoi Eguna ere egingo dute, eta Altzaga erraldoiz, buruhandiz eta gainerakoz betetzeko hainbat konpartsa gonbidatuko dituztela jakinarazi dute. Horren ostean, Eñaut Elorrieta Ken 7 taldeko musikariak Fantasia izeneko bere bakarkako azken diskoaren emanaldiagaz itxiko du zikloa.
Horren aurretik, beste bi saio egingo dituzte. Lehenik, irailaren 10ean, Mejillon Tigre kolektiboak Hitz Esana emanaldia eskainiko du; poesia, musika, ahozkotasuna, satira eta umorea uztartzen dituen emanaldia.
Hurrengoan, irailaren 17an, "luxuzko eta lehen mailako hiru artista" hurbilduko dira Erandioko ibaiertzera zuzeneko marrazketa saio inprobisatu bat eskaintzeko: Ainara Azpiazu Axpi eta Aritz Irigoien margolariek Unai Iturriagak proposatzen dizkien gaiei erantzun beharko diete zuzenean publikoaren aurrean margotuz.
Saioa guztiak 18:00etan hasiko dira Altzagako malekoian, Gasolinoaren geltokiaren ondoan; euria eginez gero horiek Gaztetxokora mugituko dituzte.