Jabekuntza eskolaren edizio berria egingo dute Erandion

Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 09:31

Erandioko Jabekuntza Eskolako aurreko edizioetako esku-orriak. © ERANDIOKO UDALA

Ahalduntze prozesu indibidual eta kolektiboen bidez emakumeen parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko asmoz, eta aurreko edizioek izan duten parte-hartze arrakastaren aurrean, Erandioko Udaleko Berdintasun Arloak datorren hilabeteetan hasiko den Jabekuntza Eskolaren jarduera-programa berrian parte hartzeko epea ireki du.

Aurten, hainbat arlotako aditu ezagunek hartuko dute parte Jabekuntza Eskolan, hala nola Esti Olabarri, Esther López Monje, Ziortza Pereira, Maialen Mujica edo Ana Rosa Arroyo. Aurrekoetan bezala, Astrabudua, Altzaga eta Erandiogoikoa auzoetan izango da, udalerriko biztanle gehien dituzten auzoetan, hain zuzen.

Jarduerak urritik urtarrilera bitartean egingo dituzte, eta datozen egunetan herrian jarduera programa jasotzen duen liburuxkak banatuko dituzte postontzietan. Jarduerak batez ere arratsaldez izango dira, baina goizeko ordutegian ere aurkitu ahal izango da eskaintza, ikastaroaren ezaugarrien arabera.

Programa erabat doakoa izango dela ere zehaztu dut, baina aldez aurretik izena eman beharko da parte hartzeko, eta Erandion erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Izena emateko epea daborduko irekita dago jarduerak hasi baino aurreko astera arte, betiere plaza libreak geratzen badira.

Edizio honetan antolatuko dituzten tailer eta ikastaroen artean, autodefentsa feminista nabarmendu dute antolatzaileek, autokonfiantza eta segurtasuna sustatzeko teknikak ikastea helburu duena. Horrez gainera,  beldurrik eta estereotipoik gabeko hilekoaren berri emateko, edo sexualitateari buruzko edo autoestimua eta sororitatea lantzeko tailerrak ere eskainiko dituzte, besteak beste.

Izena emateko, interesdunek 944 890 240 telefonora dei dezakete edo berdintasuna@erandio.eus  helbidera email bat bidali. Parte hartu gura duten taldeak adierazi beharko dute bertan, baita programak duen haurtzaindegi zerbitzua erabili behar duten ere.

"Eragin positiboa" duen ekimena

Zera adierazi du Jorge Gonzalez Berdintasun zinegotziak laster hasiko den ikasturtearen inguruan: "2013tik hainbat edizio egin dira ekimen honen inguruan, eta esan dezakegu gure herrian duen eragina positiboa dela, emakumeen ahalduntzea funtsezkoa baita edozein gizarteren hazkunderako, aurrerabiderako eta arrakastarako".

Zentzu horretan, zinegotziak gaineratu duenez, "proiektuak emakume erandioztarrei zuzendutako ekintza sorta bat eskaintzen du, ezagutza eta trebetasun berriak eskuratzeko, baita aliantzak sortzeko eta laguntzeko ere, hau da, ahalduntzea, gizarte aurreratuago justu eta berdintasunezkoago batean aurrera egiteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun