Eraikitzen izeneko programa lau urteko ikasleakaz abiatzen da Ignacio Aldekoa, Goikolanda, Altzaga eta Jado ikastetxeetan, eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arte inplementatzen da, adin desberdinetara egokitutako edukiakaz
Bestalde, DBHko ikasleek, Eraldatzen programaren esparruan, prestakuntza zabalagoa jasotzen dute arestian aipatutako arloetan. Hiru multzotan egituratuta dago egitasmoa: feminismoa eta berdintasuna, indarkeria matxista eta aniztasuna. Bertan, eduki orokorrak lantzen dituzte, ikasleen ezaugarrien eta gela bakoitzaren errealitatearen arabera ere aldatzen direnak. Kasu honetan, Astrabudua BHI, Erandio BHI eta Jado ikastetxea dira berdintasuneko irakaskuntza-plan horri atxikitako ikastetxeak.
"Ohikoa da, ikasgelaren arabera, eduki batzuetan edo besteetan arreta gehiago jartzea, ikasleek beren kezken arabera. Batzuetan, pairatzen duten LGTBifobiaz hitz egiten dute, batzuetan bikotekideen portaera toxikoez, eta abar", dio Jorge Gonzalez berdintasun zinegotziak.
Batxilergoan ere
Aitzitik, udalerriko Batxilergoko ikasleei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ez dira programa jakin baten barruan egituratzen, baizik eta ikastetxeek eskatuta ematen dira. Horrek adin horietan eragin handiagoa izatea ahalbidetzen duela azpimarratu dute udal-iturriek.
Azkenik, Desikasi programa Lanbide Heziketako maila guztietan ematen dute, Oinarrizko Lanbide Heziketa barne, eta haren edukiak, neurri handiagoan, egiten ari diren ikasketetan aplikatzera zuzenduta daude.
Aipatutako programen barruan, irakasleei eta familiei ere prestakuntza ematen zaie.
Berdintasunerako ordezkariaren hitzetan: "Uste dugu hezkidetzaren aldeko apustua egitea, berdintasunean oinarritutako hezkuntza, gizartea eraldatzeko gakoa dela. Gure haurrak eta nerabeak berdinak garela eta indarkeriarik gabe bizi daitezkeela ikasita hazten ari direla apustu egitea da herri gisa egin dezakegun apusturik onena, eta Berdintasun Arloan hori argi daukagu", amaitu du Gonzalezek.