Erandiogoikoko Andra Mari eliza gutxi gorabehera K.o. 1.100 urtean sortu zutenean abiatuko da Goialde Dantza Taldeak eskainiko duen emanaldiaren ibilbide historikoa. "Kontakizun honetarako koreografia berriak sortu, abesti zahar batzuk berreskuratu eta horretarako espresuki sortutako hainbat jantzi izango ditugu", aurreratu du Mentxu Larrea dantza-taldeko kideak. Urriaren 7an, Erandiogoikoko Andra Mari eliza ondoan dagoen Euskadi plazan egingo dute ikuskizuna, 19:00etan, eta, bukatzean, Luhartz taldearen erromeria ere egongo da.
Emanaldian Erdi Arotik Aro Garaikidera doazen pasarteak gogoratuko dituzte: Martiartu dorretxea, bandoen gerrak, eliza eta landa-inguruko abeltzaintza eta nekazaritza, Asuko errege portua, industriaren garapena eta Ameriketara joandako diasporaren ingurukoak, besteak beste. Musika eta dantza nagusi izango badira ere, ikuskizunak antzerki kutsua ere izango du, istorio-kontalari bat izango baita ekitaldiaren hari eroalea.
Hori prestatzeko, dantza-taldekoek historialari baten lankidetza izan dute eta informazio asko Iglesia de Andra Mari de Erandio liburutik atera dute. Horren emaitza dira sortu dituzten jantziak, koreografiak eta baita eszenaratzea bera ere. Azaldu dutenez, beraien helburua da ahalik eta publiko zabalenarengana heltzea, dantza eta musikaren bitartez, udalerriaren historia ikuspegi folkloriko kultural batetik transmititzeko.
"Nahikoa lan handia izan da, 2018an hasi zena, eta pandemiagatik ezin izan genuena egin; orain, berreskuratzea erabaki dugu, uste dugulako gauza ikusgarria izango dela, dantzari, musikari eta laguntzaileen artean 200 pertsona inguruk parte hartuko baitute ikuskizunean", azpimarratu du Larreak. Aurreratu duenez, 1965ean sortu zen taldeak 60 urte beteko ditu 2025ean, "orduan bai egingo dugu behar bezalako ospakizuna".
Ver esta publicación en Instagram