Erandion herritarren artean babes-faktoreak garatzeko berbaldiak antolatuko dituzte

Ander Zarraga 2023ko urr. 11a, 11:44

Udalak bultzatutako Erandio Family egitasmoak herritar zaurgarrienak babesteko helburua duen programa da. © ERANDIOKO UDALA

Ikastetxeetako ikasleen familientzako, emakumeen elkartasunerako taldeentzako, hezkuntza-eragileentzako eta 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzako zuzendutako lau proiektu antolatuko ditu Udalak, Erandio Family izeneko ekimenaren barruan. Egitasmo horren helburua da familiei laguntzea, harreman positiboak sustatzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea.

Familia-eskola eta adingabeak ardurapean dituzten zaintzaile guztiei zuzenduta egongo diren berbaldiak Sustraiak izeneko programaren barruan kokatuko dituzte. Hilean behin Gaztetxokoan egingo dituzten jardueretan babes-faktoreen garrantzia aztertuko dute, adibidez, atxikimendu segurua, autoestimua, gurasoen kontrola... eta hori guztia praktikan jartzeko tresnak emango dizkiete bertaratzen direnei.

Horregaz batera, Ostadarra izeneko proposamenean emakumeek elkarri laguntzeko taldea osatuko dute. Gune horrek sinergiak sortzeko, komunikatzeko eta parte-hartzeko gunea izan gura du.

Iturburu hezkuntzako eragileentzat antolatutako programa izango da. Horretan, urtean bi hitzaldi eskainiko dituzte, batez ere, Erandioko ikastetxeetako irakasleentzat zuzenduta egongo direnak, baina egunero adingabekaz lan egiten duten profesionalek ere jaso ahalko dituzte.

Azkenik, Udaberri taldea osatuko dute, 13 eta 16 urteen arteko gazteek osatuko dutena, hain zuzen. Maite Perez Erandioko Udaleko Gizarte Saileko zinegotziak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez, proposamen horrek, "ahalduntzea bilatzen du, sormena sustatuz eta trebetasunak garatuz".

Topaketa autogestionatuak izango dira, eta Esku-hartze Sozioedukatibo eta Psikosozialeko Zerbitzuko (EISEP) bi profesionalen, psikologo baten eta hezitzaile baten laguntzagaz egingo dituzte.

Aitziber Oliban Erandioko alkateak azpimarratu duenez, "urte eta erdi daramagu ikastetxeakaz, Esku-hartze Sozioedukatibo eta Psikosozialeko Zerbitzuarekin (EISEP), gizarte-langileakaz eta abarregaz hezkuntza- eta familia-behar nagusiei buruz hausnartzen. Hori guztia haurren babesean zentratzeko helburuagaz. Iaz, Unicef eta Save The Children erakundeen diagnostikoa izan genuen, eta bertan islatutako planteamenduak bat datoz Erandio Family ekimenagaz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun