Erandioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Aktibatu Zure Ideiak 2023 leloa daraman IV. Ideien Lehiaketa abiatu dute. 29 urtetik beherako erandioztar gazteak urriaren 31ra arte aurkeztu ditzakete beraien proiektuak ekimen horretara.
Egitasmo honen helburua da gazteen artean ekintzaile-grina eta ekimen berritzaileak sustatzea "aukerak eskainiko dituen etorkizuna bultzatzeko". Halaber, prestakuntzak enpresa edo zerbitzu berriak sortzeko duen garrantzia azpimarratzeagaz batera, talentua, talde-lana eta ahalegin pertsonala sustatu gura dituen ekimena ere bada.
Behin izena emanda, parte-hartzaileek informazio- eta prestakuntza-saio batzuk jasotzeko aukera izango dute, proiektuaren sorrera eta aurkezpena hobetzeko, eta egitasmoa aurkezteko epea azaroaren 26ra artekoa izango da. Behin izena emanda, proiektuak posta elektroniko bidez aurkeztu beharko dira udalgaztediplana@erandio.eus helbidean, "Aktibatu Zure Ideiak 2023" eta parte-hartze zenbakia adierazita.
Sariei dagokienez, hiru motatakoak izango dira: 16 eta 18 urte arteko kategoriako proiekturik onenari 500 euroko dirusaria emango diote, 19 eta 29 adin tarteko parte-hartzaileek aurkezten duten proiektu onenari 1.000 euroko saira emango zaio eta aurkezpen onena egiten duten taldeak 500 euroko balioa izango duen txartela jasoko du.