Zutik! jaialdiaren edizio berri honegaz, Erandioko Udalak apustu sendoa egiten jarraitu gura du emakumeek bizitzako arlo guztietan egiten dituzten ekarpenak ikustarazteko.
Zapatuan, urriaren 21ean, kontzertuez gain, beste jarduera batzuk ere egingo dituzte Josu Murueta plazan: 12:00etan, perkusio tailerra egongo da Sökoleren eskutik plazan bertan; 16:30ean, Josu Murueta kultur etxeko areto urdinean, irakurketa feministara hurbiltzeko tailerra egingo dute, Libreramente taldearen eskutik; eta 18:00etan, Kultur Etxeko auditorioan, herriko emakume musikarien arteko solasaldi irekia egongo da. Saioa Vinilo FM irrati-saioaren eskutik etorriko da eta zuzenean eskainiko dute.
20:00etatik aurrera, Papiro Blues tokiko taldeak, Elena Bravoren ahotsagaz, emango die hasiera kontzertuei. Ostean, 21:30ean, Micky Paiano abeslariaren gidaritzapean txanda hartuko du Micky & The Buzz rockabilly eta rock-and-roll taldeak.
Jorge González Erandioko Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "aurreko edizioen arrakastaren ondoren, emakumeei ikusgarritasuna emango dien eta gure bizilagunentzat erreferente izango diren ekintzakaz jarraitu behar dela uste dugu". Zinegotziaren hitzetan, "ezin da alferrik galdu XXI. mendean bizi diren herritarren % 50 baino gehiagoren talentua".