Atzo, Altzagan egin zuten ekitaldian, Josu Murueta eta Anton Fernandezen murala berritu zuten, lore-eskaintza egin zuten eta Astrabuduko Kantaguneak emanaldia eskaini zien bertaratutakoei. Elkartutakoen artean, besteak beste, Uribe Kostako Eskuinaldeko Pentsiodunen Plataformako kideak ere izan ziren.
Erandioko Oroimena plataformak duela 54 urte gertatukoa gogoratu eta Erandio bizigarriago baten alde borrokan jarraitzeko deia egin zuen, oraindik udalerriko airea kutsatzen jarraitzen duten lantegiak baitaude. "Gogoratzea ezinbestekoa da haiekiko eta haien senideekiko. Omenaldi hau aitortzeko modu bat da, urteak igaro diren arren, hainbeste auzokiderekin batera, hainbeste gaixotasunek dakarren gasik gabeko herri adiskideago baten defentsan egindako borroka eskertzen dugula", adierazi zuten elkarretaratzean irakurritako manifestuan.
Horrez gain, gogoratu zuten kutsadura oraindik arazoa izaten jarraitzen duela udalerrian: "Baliteke arnasa hartzeko leihoak itxi behar direla entzun izana, baina orain, aireko kutsaduraz gain, zarata eta usain jasanezina ere daude egun askotan". Horren aurrean, Erandioko Oroimena herri ekimeneko kideek deitoratu zuten kexen eta manifestazioez gain, Bizkaiko Foru Aldundira, epaitegietara eta Arartekora jo dutela, baina inork ez duela "zezena adarretatik hartu".
Gainera, salatu zuten Befesa Aluminio lantegiak, "gure pozoitzaile ofizialak", bere jarduera zabaltzeko baimena duela, "bere jardueraren ondorio kaltegarriak jasaten jarraitzeko".
Bukatzeko, Erandioko Udalaren jarrera salatu zuten adieraziz "onartezina" dela gero eta larriagoa den kutsaduraren arazoari aurre egiteko gai ez izatea. "Josu eta Antonen hilketen 54. urteurren honen baitan berriro ere exijitzen diogu Udal honetako Gobernuari erreakzionatu dezala, bere jardun ezak arazoan lurperatzen gaituelako pixkanaka", aldarrikatu zuten.
Vecinos y #pensionistas realizan homenaje en #Erandio para recordar 🥀 el 54 aniversario del asesinato de Josu Murueta y Anton Fernández a manos de la #policía #franquista durante las protestas contra la contaminación que soportaba el municipio en 1969 🏭 @Antifaxismoa pic.twitter.com/zB5eCfuLTM
— Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea) October 29, 2023