Aitziber Oliban alkateak adierazi duenez, "aurtengo aurreko parte-hartzaileak modu ezberdinean planteatuko ditugu, ez garelako hurrengo urteko aurrekontuaz bakarrik ari, agintaldi osoaren inguruaz ari gara, hurrengo lau urteak, hain zuzen ere". Azaldu du agintaldi-plana ezartzen ari direla eta hurrengo lau urteetako lan-ildoak ezartzen ari direla, eta horretarako erandioztarren ekarpenak ere jaso gura dituztela.
Horretarako prozesua galdetegi baten bitartez egingo dute online lotura honetan, eta Udalak jarriko dituen karpetan edo udal-postontzietan inprimakiak entregatuz. Era berean, egitasmoaren berri eman eta ekarpenak jasotzeko, azaroaren 6tik 19ra bitartean, karpak jarriko dituzte Erandiogoikoan, Lutxanan, Astrabudun eta Altzagan.
Besteak beste, galdetegi horretan, erronka demografikoari, gizarte-kohesioari, hiri-eraldaketa eta -berroneratzeari, mugikortasunari, kulturari, gizarte- eta kirol-dinamismoari, ekonomiari, ingurumenari edo segurtasunari aurre egiteko hainbat neurri kalifikatzea eskatuko diete erandioztarrei. Horregaz batera, udalerriko hainbat proiekturen artean zeintzuk lehenesten dituzten galdetuko diete, hala nola Altzaga auzoko trafikoa berrantolatzeaz, Astrabuduko Mendiguren plaza estaltzeaz, Erandioko Goikoako saneamenduaz eta Lutxanako eskola zaharrak zaharberritzen jarraitzeaz.
Prozesuari dagokionez, aurrekontu parte-hartzaileei buruzko inkestaren bidez datuak jaso ostean, horiek prozesatu eta herritarrei ondorioak itzuliko dizkiete txosten publiko gisa.
Karparen datak
Karpak Astrabudun hasiko du ibilbidea azaroaren 9an, 18:00etatik 20:30era; Erandiogoikoan azaroaren 11n jarriko dute, 11:00etatik 13:30era eta; Altzagan 13an, 11:00etatik 13:30era, eta 16an 18:00etatik 20:30era; eta, azkenik, Lutxanan hilaren 18an egongo da, ordu berean.
Halaber, postontziak Altzagan jarriko dituzte azaroaren 6tik 12ra eta Astrabudun azaroaren 13tik 19ra. Hautestontziak, halaber, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, kiroldegietan eta liburutegi eta kultur etxeetan egongo dira, beraz, prozesu osoan zehar, herriko auzo bakoitzean dauden postontziak erabili ahal izango dira.