Erandioko Enplegu Orientazio Zerbitzuak 2021-2023 biurtekoa helburuak beteta amaitu du

Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 11:32

Enplegu Orientazio Zerbitzua baliatu duten 30 urtetik beherako herritarren kopuruak behera egin du Erandion. © CIFP TARTANGA LHII

Erandion amaitzat eman dute 2021-2023 Orientazio Zerbitzurako Lanbideren bidez finantzatutako deialdia, helburu guztiak % 100ean beteta eta biurteko honetarako esleitutako 1.250 ordu guztiak beteta. Gainera, udaleko iturriek azpimarratu dute egitasmoaren laneratze-indizea % 51,95ekoa izan dela, Lanbidek adierazitako minimoa % 15ekoa izan den bitartean.

Erabiltzaile kopuruaren bilakaerak eta zerbitzuaren beraren kudeaketak goranzko joera erakusten dutela azaldu dute Erandioko Udaleko iturriek, eta erantsi dute Enplegurako Orientazioko Euskal Zerbitzua bihurtu dela, neurri handi batean, Erandioko Behargintzak garatzen dituen gainerako ekintzen ardatz.

Zerbitzuaren deialdi berri horregaz hasi zenean, Lanbidek 2021eko urrian argitaratutako langabezia-tasari buruzko datuek,Erandioko biztanleriaren % 11,8ko zifra ematen zuten. Aitzitik, langabezia-tasa, gaur egun, puntu bat beherago dago, % 10,3an hain zuzen, eta 2022aren amaierako hilabete batzuetan tasa hori % 10etik beherakoa ere izan zen. Jorge Gonzalez Enplegu zinegotziaren hitzetan, "langabezia-tasaren murrizketari dagokionez, susperraldi bat sumatzen da, eta espero dugu jarraituko duela. "

Erandioko Udalaren Enplegu Orientazio Zerbitzuak artatutako pertsonei dagokienez, igarotako herritarren profilak batez ere langabetuenak izan dira, zentzu zabalean, baina baita langabezian edo enplegua hobetzeko ahaleginetan dauden langileak, potentzialki aktiboak diren pertsonak eta, oro har, lan egiteko adinean dagoen edozein pertsona, haien egoera edozein dela ere, enplegua aktiboki bilatzeko interesa dutenak.

Erandion, esleitutako 1.250 zerbitzu-ordutan 394 pertsonari eman diete arreta, 979 zerbitzu baino gehiagogaz. Lanbideren aplikazioak pertsona horiei buruz emandako datuen arabera, Erandioko eremuan % 51,95 lan-merkatu arruntean sartu dira.

Enplegu politiken hiru ardatzak

Jorge González zinegotziak azaldu du Erandioko Udalak aurrera eramandako enplegu politika aktiboak hiru bloketan sailkatzen direla. Alde batetik, bitartekaritza dago, non eskaintzaileen eta lan-eskatzaileen arteko interakzioa errazten den. Bigarren jarduera-ildoak enplegurako prestakuntzagaz du zerikusia; izan ere, enplegu-zinegotziak adierazi duen bezala, "pertsona baten gaikuntza bere beharrak asetzen dituen enplegu bat izateko egokia izatea errazteko neurriakaz du zerikusia. Funtsezkoa da enplegagarritasuna handitzeko". Azkenik, zinegotziak hirugarren jarduera-ildo bat nabarmendu du: enplegua sustatzea. Horren helburua da enplegu berriak sortzea, norberaren kontura edo besteren kontura, autoenplegua sustatuz eta kontratazioa sustatuz.

Gaur egun, Erandio Bizkaiko batez bestekoaren azpitik dago langabezia-tasari dagokionez, eta 45 eta 49 adin-tartean daude lan eskatzaile gehien, 50 eta 54 urte bitartekoek hurbiletik jarraituz. Gazteen enpleguari dagokionez, aurreko edizioakaz alderatuta, 30 urtetik beherakoen artean zertxobait jaitsi da enplegu-eskatzaileen kopurua. Sektoreka, Zerbitzuetan dago langabeen eskaera handiena (% 75 baino gehiago), eta, ondoren, industrian (% 8,6).

Maila akademikoei dagokienez, zerbitzuaren onuradun nagusiak (% 57,32) oinarrizko edo nahitaezko ikasketak dituztenak izan dira; ondoren, % 26,07, Lanbide Heziketako ikasketak dituztenak; eta hirugarren, unibertsitate-ikasketak dituztenak ( % 10,28).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun