Balmaseda futbol taldeko iturriek jakinarazi dutenez, jokalariak etxeko taldeko jokalari baten irain arrazistak jaso zituen, eta horren eraginez epaileari jakinarazi zion jokatzeri utziko ziola. Azkenean, arbitroak partidua bertan behera utzi zuen markagailuan berdinketa ezarriz.
Basamortu Lagun Taldeak sare sozialetan adierazi du "edozein erasoren aurkako jarrera eta konpromisoa" erakutsi gura dutela, "ez futbolean ezta inon ere". Era berean, Balmaseda futbol taldetik ere gertakizuna kondenatu dute sare sozialetatik, "indarkeria arrazista edo xenofoboko edozein ekintza gaitzesten dugu, edonondik datorrela ere", azpimarratuz. Momentuz talde biak gertakari horrengatik aktan jasotakoaren araberako zehapenen zain daude.
Basamortutik edozein erasoren aurka gaude! pic.twitter.com/Ke7tevj7G4
— Basamortu Lagun Taldea Erandio (@BasamortuT) November 21, 2023
Azkenaldian, futboleko maila baxuenetan eman diren horrelako gertakariengatik kezka azaldu du Iñaki Gomez Mardones Bizkaiko Federazioko presidenteak. Pandemiaren ondoren horrelako gertakariak areagotu egin direla eta horien aurka irmoki jokatu behar dela azpimarratu zuen El Correok batutako adierazpenen arabera. Zentzu horretan, arbitroei emandako irizpideak argiak direla ere berritsu zuen: "Gertakariak landa-ordezkariari jakinaraztea lehenik, jokalarien eta elkargokideen aurkako irainak eta mehatxuak berehala eten daitezen, eta, jarraitzen badute, partida bertan behera uztea".