Lursaila, Sprilur S.A.-ren jabetzakoa da eta Erandioko Udalari lagako dio aldi baterako aparkaleku bezala egokitzeko. Akordioaren sinatzaileek azaldu dutenez, akordio horri esker, bidegorri zati berri bat eta oinezkoentzako bide bat egin ahal izango dute itsasadarreko errepidean zehar, Erandioko udalerriaren tartean. Hala, partzela horren erabilera kosturik gabeko aparkaleku-plazak ezartzera soilik bideratuko dela iragarri dute.
Ordezkari publikoek Erandioko Axpe industrialdera egindako bisitan, Aitziber Oliban alkateak akordio honen garrantzia azpimarratu du, zera adieraziz: “Herritarren aldetik, txalotutako jarduera bat da, ingurunea birsortuko duena eta itsasadarraren ondoko auzorik jendetsuenak ikusaraziko dituena, batez ere Lutxana eta Altzaga, baina ibilgailuak itsasadarraren paretik kentzeko eragozpena izango duena. Horregatik, lurzati horren lagapenak arazo hori arinduko du eta aparkalekuaren inpaktua minimizatzea ahalbidetuko du."
Bere aldetik, Txaber Ourok, aipatu duenez, “erakundeen arteko lankidetza da, eta Erandioren kasuan, enpresa-garapena bultzatzeko eta udalerriko hainbat ingurunetan interes orokorrarekin eta ingurumenarekin bat egiten duten berroneratze-proiektuei eta ekimenei ekiteko, baliagarria izaten ari da.”
Akordioa
Lagapen-akordioa aldi baterako luza daitezkeen urtebeteko aldietan egingo dela zehaztu dute, alderdietako batek berariaz uko egin arte. Lursaila aurreikusitako erabileretarako eta obrak egiteko egokitzea Erandioko Udalaren kontura izango da, bai eta lagatako partzela garbitzea, mantentzea eta kontserbatzea ere.
Akordioak sute- eta erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea ere aurreikusten duela azaldu dute, "sor daitekeen edozein larrialdiri aurre egiteko". Azkenik, baztertu egin dute hondakinak sortzen dituzten eta ondoren lurzorua berreskuratzeko jarduketa behar duten jarduerak egitea edo produktuak erabiltzea.
Sprilurren kasuan, azaldu dute akordioa 2021-2024 Plan Estrategikotik datorrela, eta erakundeen arteko lankidetzarako, gizarte-erantzukizuneko eta interes orokorreko ekimena dela, Sozietatearen lurzoruaren eta enpresa-eremuen kudeaketa- eta sustapen-jarduera bera indartzen dutenak, hain zuzen.