Ignacio Aldekoa eskolako ikasle ohia eta gaur egun zentroko IGEko idazkaria da David Sanchez erandioztarra, eta, bera bezala, gaur egun bere sema-alabek ere auzoko ikastetxera daramatza. Kontatu duenez, azaroaren 25ero eskolako jaia egiten duten arren, aurtengoa berezia izango dela aurreratu du: "Urtero egiten dugu azoka edo jardueraren bat, urteko ekintzetarako dirua ateratzeko; aurten dirua galduko dugu, baina helburua ikastetxearen urteurrena ospatzea da, horrelako zerbait egiteko gogoa baikenuen".
Kontatu duenez, jaia 16:30ean hasiko da ikastetxeko jolastokian: "Hasteko, umeentzako jolasak eta taloa egiteko tailerra bezalakoak egongo dira; gero, 19:00etatik aurrera, DJ bat ere etorriko da eta hasieran umeentzako musika jarriko du, eta beranduago helduentzako giroa ere egongo da. Festak gorputzak eutsi arte jarraituko du". Horrez gain, bertaratutakoentzako txosna eta ogitartekoak ere egongo direla aurreratu du. Gainera, urteurren ospakizunerako ikasle-ohien argazki zaharren bildumagaz erakusketa ere osatuko dutela adierazi du Sanchezek, "hurbiltzen den jendeak bere txikitako argazkia ikusi ahal izango ditu, eta argazkiak ikastetxeko webgunean ere igoko dituzte".
Festara gaur egungo ikasleak eta horien gurasoak gonbidatzeaz gain, ikasle eta irakasle ohiak eta herri guztia ere gonbidatu gura izan dutela kontatu du Sanchezek, "azken finean, Ignacio Aldekoa herriko ikastetxea da". Gaineratu duenez, itxaropena dute festak harrera ona izatea, baina deitoratu du zapaturako eguraldiaren aurreikuspena ez dela oso ona eta ikastetxeko aterpea ez da oso handia, beraz, "ez dakigu zenbat jende etorriko den".
Auzoko elkargunea
Sanchezek adierazi du Ignacio Aldekoa auzoko elkargunea dela, "auzoan ez daukagu umeekin lasai egoteko horrelako lekurik eta eskolakoak ez diren ume eta familia asko ere etortzen dira. Astrabuduko jendearentzat oso inportantea da, elkar topatzeko leku bat delako eta horri esker auzotik kanpo ikasten duten umeek ere kuadrilla izateko aukera ematen dielako".
Hala ere, erantsi duenez, "hori zorionerako edo zoritxarrerako gertatzen da, gaueko partean ikastetxea zabalik dagoelako eta gazteak sartzen direlako edariekin eta horrelakoekin, eta astelehenetan gustatzen ez zaizkigun gauzak aurkitzen ditugu: pintadak, gauzak apurtuta...". Udaleko langileek azkar erantzun ohi dutela aitortu du, "eta normalean egunean bertan konpontzen dute, nahiz eta azkenaldian hiru hilabetez egon garen saskibaloi saskirik gabe".