Erandioko Udalak Euskadi Lagunkoi ekiemenagaz bat egin du, eta, horregaz hasteko, egitasmoaren aurkezpenean, Bizipoz kooperatibagaz batera egoeraren diagnostikoa egingo dutela iragarri zuen Aitziber Oliban Erandioko alkateak. Udalburuak azaldu zuenez, lehen azterketa fase horretarako lau topaketa egingo dituzte, bereiziki pertsona nagusiei zuzenduak egongo direnak, baina baita zaintza-lanak egiten dituztenentzako edo interesa duen edozein herritarrentzako ere.
Lehen topaketa astelehenean, hilaren 27an, egingo dute eta aire zabaleko guneen ingurukoa izango da. Abenduan beste hiru egingo dituzte: 4an, segurtasuna; 12an, mugikortasuna; eta, azkenik, 18an, etxebizitza eta irisgarritasuna.
Ekimen horri esker, erandioztarrek beraien egitasmoak aurkeztu ahal izango dituzte, eta horiek kudeatzeko talde eragile bat eta gai konkretuetara bideratutako beste zortzi talde osatuko dituzte hainbat gai jorratzeko, hala nola aisialdia, segurtasuna, parte-hartzea, mugikortasuna etab.
Diagnostiko-fasea 2024ko urte bukaerara arte luzatzea aurreikusi dutela azaldu zuen Beatriz Santamaria Bizipiz kooperatibako kideak, eta iragarri zuenez, "hiru eta lau urte barru egingo dira ekintzak, eta, ondoren, urtebetean zehar, horien ebaluazio bat egingo da".
"Erandio Lagunkoiak adinekoen bizi-baldintzak hobetzeaz gain, komunitate osoaren gizarteratzea eta ongizatea sustatu nahi ditu", adierazi zuen Maite Perez Gizarte Ekintzako zinegotziak.