Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Aitziber Oliban Erandioko alkateak, Maite Perez Erandioko Gizarte Arloko zinegotziak, Pilar García Altzaga-Erandio Erretiratuen presidenteak eta Laura Fernandez Matia Institutuko ikertzaileak Helduak Zabaltzen programaren aurrerapenak aurkeztu zituzten atzo, hilak 27, Altzagako nagusien etxean.
Duela urtebete hasitako ekimena da Eusko Jaurlaritzaren Helduak Zabalketa egitasmoa, Euskofederpenegaz batera, adinekoen gizarte-zentroen eredua eraldatu eta egokitzeko helburua duena, bai eta digitalizazio-prozesua erraztu ere. Plan pilotu horri esker, bertako nagusien etxeko erabiltzaileek Interneten nabigatzen ikasi ahal izan dute eta beraiek ere dira sortu dituzten erabiltzaile eta plataformen protagonistak.
"Adineko gehienok ez dakigu ezer Interneti buruz, eta proiektu honek asko lagundu digu. Eskerrak eman behar dizkiegu Eusko Jaurlaritzari eta Erandioko Udalari digitalizaziorako bidaia zirraragarri honetan gidatzeagatik eta gure bizitza eta zahartze aktiboko proiektua aberasten duten trebetasun berriei ateak irekitzeagatik ere", azpimarratu zuen Pilar Garciak, Altzagako elkarteko lehendakariak.
Besteak beste, Erabiltzaileek Altzagako erretiratutakoen elkarteko Instagrama sortu dute astez asteko programazioagaz eta webgunean adin guztietako herritarrentzako interesgarria izan daitekeen podcast propioa ere daukate.
Aldaketa teknologikoa
Aurkezpenean, Melgosa sailburuak adineko pertsonen belaunaldi berrien profilean eta itxaropenetan izandako aldaketa azpimarratu zituen, eta gogorarazi zuen "aldaketa teknologiko, sozial eta kultural azkarren lekuko izan direla, eta horrek eragina duela haien interesetan eta denbora pasatzeko moduan". Hala, sailburuak agerian utzi zuen "elkar ulertze hori funtsezkoa dela haientzat garrantzitsuak eta erakargarriak diren programak eta jarduerak diseinatzeko".
Aitziber Oliban Erandioko alkatearen hitzetan, "Udalaren borondatea da udalerrian bizi diren adineko guztiei laguntzea eta zahartze aktiboa sustatzea. Hirugarren adinekoei arreta emateko lana eta baliabideak irauliko ditugu, eta haien eskaerak eta lehentasunak entzuteko estrategia berriak asmatuko ditugu. Kolektibo hori ez da inoiz babesgabetasun-egoeran geratuko. Beti egongo da aparteko ahalegin bat zure beharrei erantzuteko”.